«Oso kaxko politean dago, eta eskaintzen dituen parajeak oso politak dira»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 18a, 10:33

Joxe Gabirondo (Gaztelu, 1961) segalari ohia da. Euskal Herriko eta Gipuzkoako hainbat lehiaketa irabazitakoa da, horietako asko 80ko eta 90eko hamarkadetan. Gaztelun jaioa da, eta bertan bizi izan da beti. Bertako parajeak ditu gustukoen, eta, lasaitasuna eskertzen badu ere, garai batean Gaztelun zegoen barnetegiak herriari ematen zion bizia faltan sumatzen du. Ostatu baten beharraz ere hitz egin du.

Asko aldatu al da Gaztelu azken urteetan?

Etxebizitza aldetik ez da askorik aldatu. Dauden etxeak kontatzeko modukoak dira; jendearen lanbidea aldatu da, batik bat. Lehen, lehen sektorea nekazaritza zen, baina orain apenas dagoen hortik bizi denik. Bertako gaztetxoek ere ez dute hemen bizi handirik egiten. Adin berekoak ere ez daude asko, eta hori arazo bezala ikusten dut. Gazteek bertan geratzeko aukerarik ez dute.

Zahartzen ari den herria da, beraz.

Gazteek ez daukate sortzeko gune handirik. Duela ehun urte inguru, 300 biztanle izatera ere iritsi ginen, baina, orain, 200era ere ez gara iristen.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Oso kaxko politean dago, eta eskaintzen dituen parajeak oso politak dira.

Zein da Gazteluko txokorik politena, zure ustez?

Badaude txoko nahiko bereziak direnak, bat baino gehiago. Baina herritik Larte mendira begiratuta ikusten den parajea asko gustatzen zait. Han bertan jarrita, Larte inguruan, goitik behera ikusten den ikuspegia izugarri polita da. Hernio, Aizkorri guztia, Aralar mendikatea eta herri guztia ikusten dira; kristoren argazkia da.

Gaztelu ezagutzen ez duen norbait herrira gonbidatuko bazenu, zer egingo zenukete?

Eguraldi ederra aukeratuko nuke, ahal izanez gero behintzat, eta bertako ibilbide batzuetan zehar dauden paraje ederrez gozatzera eramango nuke, besteak beste.

Zerk egiten du Gaztelu berezi?

Dagoen lasaitasunak. Bere garaian beste jarduera batzuk baziren, jada ez daudenak; barnetegi bat, esaterako. Jende asko pasatzen zen barnetegitik: ikasleak, langileak… Ostatua ere ez dago. Jarraipenik ez du, eta horren falta ere sumatzen dugu herritarrok. Bilgune bat edukitzeko eta harremanak egiteko garrantzitsua da; bi elkarte daude, baina ez da gauza bera.

Erlazionatuak

Gaztelun ote paradisua?

Rebeka Calvo Gonzalez 2016 aza 18 Gaztelu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!