Preso politiko gaixoen askatasunaren alde gose greban, Izaskun Etxeberria

Tolosaldeko Ataria 2016ko abu. 17a, 12:19
Izaskun Etxeberria gose greba mugagabean mugimenduko beste bi kiderekin batera

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko hiru kide dira gose greba mugagabean daudenak astelehenaz geroztik, Etxarrin. Izaskun Etxeberria gazteluarrak bi preso ohiekin batera hasi du gose greba.

"Gu gose greban jartzearen helburua larri dauden preso gaixoak askatzea nahi dugula da. Hori da arazoa", azaldu du Etxeberriak. Gose greba egitearen zergatiaz galdetzean honakoa erantzun du gazteluarrak: "Presoek guregatik eta herriarengatik eman duten guztia kontuan izan da, nire ustez, guk ezin dugu eskuak gurutzatuta geldirik egon. Egoera larria da, eta nik lagundu dezakedan bitartean hau da nire ekarpena".

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak astelehenean egindako agerraldian aurkeztu zuen preso politiko gaixoen askatasunaren aldeko ekimena. "Gatazka honen izaera politikoa eusteko tresna garrantzitsuena da amnistiaren aldeko borroka. Errepresaliatuen izaera politikoaren aitortza gakoa da amnistiaren bidean aurrera egiteko eta berauen giza eskubideak onartzeko". Era berean, presoen egoera “eraman duten militantzia politikoaren ondorioa” dela baieztatu zuten.  Bestetik, argi utzi nahi izan zuten: "Errepresaliatu politikoen muturreko egoera larria da, eta bateratuak doaz hauen eskubideen aldarrikapena eta amnistiaren aldeko borroka".

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia iritsi dela esan zuten agerraldian, eta Euskal Herriko langileriak hartu behar duela ardura. "Geldirik egotearekin ez dugu ezer egiten, eta laguntza eman behar zaie nola edo hala", gaineratu du Etxeberriak. Eta nahi deun pertsona oro gehitu daiteke gose grebara: "Egun bat, bi edo nahi duen beste. Irekia da".

Izaskun Etxeberria gazteluarrak Etxarri herriarentzat esker hitzak izan ditu: "Ematen ari zaigun laguntza izugarria da. Alkatea ere etorri zitzaigun ezer beharko bagenu laguntza eskaintzera. Gaur osasun etxean izan gara, eta oso ondo hartu gaitu herriko medikuak eta bihar analisiak egingo ditugu. Oso ondo zainduta gaude". Eta hauez gain babes handia ari direla izaten adierazi du: "Tolosaldetik, Iruñetik, Gasteiztik,... dator jendea guregana eta gustura gaude". Hirugarren eguna dute gose greba mugagabean eta "ez zarela bakarra ikusten duzu eta bisita hauek jaso eta hitz egiteak asko laguntzen du", dio.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri zituen aldarrikatzen dituen bost neurriak: larriki gaixo dauden presoen berehalako askatasuna, dispertsioaren amaiera, prebentziozko espetxeratze egoeran dauden preso politikoen behin-behineko askatasuna, zigorraren bi heren bete dituzten preso politikoei dagokien baldintzapeko askatasuna eta 40 urteko espetxe zigorra ezartzen duen legediaren indargabetzea.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak jasaten dituzten urraketen aurrean borrokan jarraituko duela adierazi zuen: "Etxera ekartzea da gure ardura".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!