Kulturaz bustitako asteburua ospatuko dute Gaztelun

Gaur hasi eta igandean, azoka egunarekin, amaituko da kultur asteburua

Kulturaren festa ospatuko dute asteburuan Gaztelun. Haur, gazte eta zahar bilduko dituen asteburua izango da honakoa. Urtero errepikatzen den eta falta ezin duen zita.

Herriko festez gain herritarrak biltzeko «beharrari» edo «nahiari» erantzunez antolatzen dute kultur asteburua Laida Etxedona, kultura zinegotziaren esanetan.

Auzolanean aritzeko ohitura dute gazteluarrek eta Etxedonaren esanetan asteburu honetako ekimenak ere auzolanean antolatzen dituzte: «Herritarrek parte hartzen dute». Esaterako, gaur bertan izango den pizza tailerra, herrikoa den Joxe Arias okinak erakutsiko diete haurrei pizza nola egin, eta gero elkarrekin afalduko dute. Edo bihar kinesiologiari buruz dagoen hitzaldia ere Gardotza Adurriaga herritarrak eskainiko du. Bihar egingo den kantu afarian ere, musika instrumentu ezberdinak jotzen dituzten herritarrak elkartu dira, eta «beraiek girotuko dute afaria».

Hortaz, herritik herriarentzat antolatutako kultur asteburua da Gaztelukoa: «Gauza polit bat egiteko ez da diru asko behar, herritarren parte hartzea da garrantzitsuena».

Egitaraua osatzerakoan, adin ezberdinetako herritarrengana iristen saiatzen dira. Herriko helduenek ere izaten dute euren tartea, erretirodunen bazkaria izango baitute igandean.

Adin eta herrialde ezberdinetakoak, izan ere, larunbat arratsaldeko Zoritxarreko babutsak antzerkian, Idoia Sanchezek kontatuko du historia euskaraz, baina antzerkia arabieraz egingo dute.

Azoka eguna

Igandea, berezia izango da azoka eguna ospatuko dutelako. Etxedonak azaldutakoaren arabera denetik topatu ahal izango da azokan: «Herriko jendeak baratzetik ateratako postuak jarriko dituzte, animaliak egongo dira eta tartean eguraldi ona badago  herritar batekin zaldi gurdian ibiltzeko aukera ere izango da, Txaramatik xaboiak egiten dituen pertsona bat ere etorriko da eta bitxiak egiten dituen pertsona bat ere izango da».

Bazkalondoren argazki zaharrak ikusiz herriko kontu zaharrei buruz hitz egingo dute herritarrek.

Kultur asteburua

GAUR, AZAROAK 6

20:00. Loreak filma helduentzat ostatuan.
20:00. Umeentzako pizza tailerra, afaria eta pelikula herriko elkartean.

BIHAR, AZAROAK 7

16:00. Zoritxarreko babutsak     antzerkia eta ondoren, txokolate   jatea.
19:00. Kinesiologiaren inguruko hitzaldia, Gardotza Adurriagaren eskutik.
21:00. Kantu afaria, herriko elkartean, herriko musikariek alaituta.

AZAROAK 8, IGANDEA

10:00. Artisau feria.
13:30. Erretirodunen bazkaria, herriko ostatuan. Ondorez, argazki zaharrak eta bideoa ikusiz, tertulian egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!