Alkateei elkarrizketak

Gari Aranzabal: «Jendeak Gaztelu berraurkitzea nahi genuke»

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 4a, 09:30

Proiektu asko dituzte buruan Gazteluko udal taldeko kideek; horiek burutzeko auzolanen garrantzia azpimarratzen du Gari Aranzabal alkateak

Gari Aranzabal da Gazteluko alkatea ekainetik, nahiz eta aitortzen duen ez zuela «sekula» pentsatuko udaletxe batean egotea. Hauteskundeetan jokoan zeuden bost hautetsietatik EH Bilduk lau lortu zituen 57 boto eskuratuta, eta Udaberri Taldeak 37 boto lortuta, hautetsi bakarra du.

Hilabete batzuk daramatzazu alkate karguan. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Lantalde polita elkartu gara. Esperientzia ona eta berria izaten ari da. Lau zinegotzitatik inork ez genuen pentsatzen sekula udaletxe batean egongo ginenik, baina apustua egin genuen. Eta orain giro polita daukagu, lan egiteko giro ederra.

Nolatan animatu zinen alkate aurkeztera?

Gaztelun jende gutxi bizi gara, eta Gaztelura etorritako familia berriak ere ez gara asko. Aurreko udaletxeak eta jendeak lan ikaragarria egin dute urte askotan. Batzuetan estropezu asko izan dituzte bidean eta txanda behar zutela uste genuen. Askotan egoerak eskatzen badu aurrera egiteko, zuk ere inplikatu beharra daukazu eta horregatik hasi ginen.

Hauteskundeetan bost zinegotzitatik lau lortu zituen EH Bilduk. Zer nolako balorazioa egiten duzu?

Ez genuen espero... Gutako  asko ez ginen Gaztelukoak jaiotzez; nik neronek zazpi urte daramatzat bertan. Pentsatzen genuen alde batetik ona izan zitekeela eta bestetik txarra. Izan ere, jende berria sartzea ona izaten da, baina esan dezakete: nor da hau? Horregatik beldurra genuen, baina azkenean jendeak konfiantza izan du; gainera, herrian, gauza ezberdinetan lanean aritu izan garen jendea gara, eta jendeak konfiantza eman zigun.

Datozen lau urteei begira zeintzuk dira zuen proiektu nagusiak?

Buruan proiektu asko ditugu. Orain lehendik itxi gabe zeuden proiektuak bukatzen ari gara: argiteria, eskailerak... Gerorako proiektu asko ditugu buruan, eta pixkanaka aurrera eraman nahi ditugu. Baina, Gaztelu ez da 200 biztanletara iristen, ez dauka enpresarik... Egia esan batere zorrik gabe daukagu udaletxea, baina diru gutxi daukagu. Orduan proiektu bat aurrera eramateko ondo pentsatu beharreko zerbait da. Beste herri txiki batzuek, biztanle kopuru berarekin, beste diru iturri batzuk izaten dituzte. Gazteluk oso gutxi dauka, eta geroari begira proiektu handiak buruan ditugun arren, ez dakigu noiz gauzatuko diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!