Zabalik dago berriz ere Gazteluko Ostatua

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 9a, 09:00

Bederatzi urtez itxita egon eta gero, Juan Inazio Hartsuaga tolosarrak zabaldu du

Gazteluko Ostatua, bederatzi urte luzez egon da itxita. Maiatzetik ordea, Tolosako Juan Inazio Hartsuagaren eskuetan dago, eta martxan da berriz ere. Gogotsu hasi dira lanean eta udara pasa eta gero, ideia asko dituzte buruan. Berak aipatu bezala, oraindik «lurra hartzen» ari dira.

Udaran jende gehienak kostaldera joateko ohitura duela aipatu du Juan Inazio Hartsuagak. Hala ere, «jende asko pasa dela ostatutik» adierazi du. Herriko jendeari dagokionez, San Isidro eguneko merienda eta herriko jaietako herri afaria ospatu ziren bertan. Lizartzatik ere jende asko gerturatzen da bertara, «bai gertutasunagatik eta baita gogoko dutelako ere».Bazkaltzera berriz, leku guztietako jendea gerturatu da, baita motorista katalanak ere: «Infernuko aingeruak motorzale talde bat etorri zen bazkaltzera». Berak aipatu bezala, «herri txikia bada ere, fauna askokoa da».

Beste alde batetik,gelatxo bat dute: «Ostatu ondoan diskoteka moduko bat bezala prestatuta dugu dantza pixka bat egin nahi denerako». Bertan, Tolosako txaranga batek ere entseatzen duela adierazi du eta «giro ona» sortzen dela denen artean. Herriko beste talderen batek erabili nahiko balu, bai dantza talde batek edo abesbatzaren batek, irekia dagoela denentzat gaineratu du. Zinema emanaldiak egiteko gogoa ere erakutsi du, baita elkarren artean auzolanetik ikastaroak egitekoa ere. Kultura ezberdinen arteko trukaketak egiteko intentzioa ere badagoela esan du: «Bazkariak direla, musika dela, eta elkarren artean herri bizi bat sortzeko gogoa».

Datozen hilabeteei begira, «gogotsu eta ilusioz» ikusten du etorkizuna. Udaran jende asko «kostara begira» bizi dela eta Irailetik aurrera «mendira begira» jartzen dela adierazi du. Bederatzi urteren ostean, jendeak ohitura galdu duela bertara gerturatzeko, baina ez da larritzen, Gaztelu herri bizitzat jo du eta giro polita sortzen dela aurreratu du. Berak aipatu duenez: «badago bor-bor polit bat herrira etorri den jende berriarekin». Giro on hori aprobetxatu egin behar dela ondorioztatu du. Bazkariei eta afariei dagokionez, enkarguz astean zehar nahiz asteburuetan, bestela asteburuko menua izaten dute, urtaroaren arabera. Menua aldatzen doa, baina baserriko oilaskoa dastatzea gomendatzen du espezialitate modura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!