Goikoetxea gose greba mugagabean, Fleuryn

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 17a, 10:01

Frantziako Fleury Merògis kartzelan dauden euskal presoek borrokaldia hasi zuten orain egun batzuk ezarri dizkieten bisita murrizketen kontra.

Bertan dago Gazteluko Andoni Goikoetxea. Euskal presoek astelehenean borrokaldia gose greba mugagabean bihurtu zuten, «bisiten alorrean goia jo duten murrizketengatik», Etxeratetik jakitera eman bezala.

Etxetik 400 kilometrora dauden presoek bisita bikoitzak jasotzeko eskubidea zuten, orain arte. Frantziako Gobernuak bisita mugatuak ezarri nahi ditu eta presoek neurri hauen aurka hasi dute borrokaldia eta gose greba.

Euskal presoez gain bertan dauden hamalau korsikarrek, egoera berdinean egonik ere, bat egin dute borrokaldiarekin eta gose grebarekin.

Hilabetean bi bisitetara murriztu dieten bisiten eskubidearengatik, gose greba abiatu duten euskal preso politiko eta korsikarren izenean, Ibon Goieaskoetxeak eta Joseba Iturbidek, gutuna idatzi zioten maiatzaren 30ean presondegiko zuzendariari, «inolako abisurik» gabe gauzatutako bapateko aldaketa salatuz eta aldaketarik egon ezean, janariaren errefusa utzi eta protesta modu bakezale «erradikalagoak» hartuko zituztela ohartaraziz, Etxeratek jakitera eman bezala.

Eskutitzak erantzunik izan ez eta «errefusa gose greba» bilakatzea erabaki zuen eta Etxeratek jakitera eman duenez presondegiko hiru dibisioetan ari dira aurrera eramaten protesta; tartean, Andoni Goikoetxea gazteluarra.

Hilean lau bisita luze izateko eskubidea dute berez presoek baina kartzelako obrak medio hirura murriztu zuen kartzelak bisita kopurua. Lanak bukatuta aurreko egoerara bueltatzeko akordioa agindurik zuten baina Etxeratek dionez «obrak amaitutakoan kartzelak ez zuen hitza bete». Gauzak horrela greba mugagabean jarraitzen dute iragan astelehenetik.

2013tik preso Frantzian

Aitor Esnaolaren atxiloketaren harira Guardia Zibila 2011ko apirilean joan zen Andoni Goikoetxearen bila Gaztelura. Polizia miaketak Txaramara ere zabaldu ziren, baina ez zuten Goikoetxea atzematerik lortu. 2013ko maiatzean Frantziako Poliziak guztira sei pertsona atxilotu zituen, ETA erakundeko kide izatea egotzita. Andoni Goikoetxea gazteluarra Correze departamenduan dagoen Brive-la-Gaillarde herrian atzeman zuten. Orduko hartan, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, ETAren nukleo logistikoarekin lotu zuen Goikoetxea eta lehergailuetan «aditurik handienetakoa» zela esan zuen. 2014an, Goikoetxea Fleury-ko espetxean zaintzaileek erasotu egin zutela salatu zuen Etxerat elkarteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!