Udaberri taldeak ardura politikoa eskatu dio EH Bilduri

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 30a, 17:09

Gazteluko taldea koalizioko Martin Garitano eta Xabier Olanori zuzendu zaie 2012ko prebarikazio kasua dela eta

Gazteluko Udaberri taldea gutun ireki baten bidez zuzendu zaie Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Xabier Olano EH Bilduren ahaldun nagusirako hautagaiari herriko alkate ohia, oraingo alkatea eta hainbat zinegotzi, EH Bildukoak guztiak, 2012. urtetik prebarikazio urbanistikoagatik inputatuta daudela esan eta alderdiak ez duela ezer egin esateko. «Irailaren 30ean alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta ia bi hilabetez Bilduko zinegotziek hau gordeta eduki dute, eta EH Bilduko inork ez du hitzik esan», esan du Udaberrik.
Mikel Belloso alkate zenak pasa den irailaren 30ean erregistratu zuen kargua uzteko idatzia arrazoi pertsonalak argudiatuta eta pasa den azaroaren 21ean hartu zuen alkatetza ordura arte alkate orde izandako Aitziber Barandarainek.  

Taldeak azaldu duenez, «azaroaren 21ean, inputatutako zinegotzien botoei esker, prebarikazioagatik inputatutako pertsona bat alkate izendatua izan zen, eta EH Bildu isilik». «Gardentasuna, ardura politikoa, leialtasuna, zuzentasuna, demokrazia parte-hartzailea, etengabeko harremana eta abar EH Bilduren dekalogoan dauden hitzak dira. Hitz hutsak dira? Orain arte bai», gaineratu du taldeak.
Udaberrik salatzen dituen gertaera hauek direla eta Garitano eta Olanori EH Bildun zer gertatzen den galdetu die, «Onartuko al zenukete Bergaran edo Altzon alkatea eta zinegotziak prebarikazioagatik inputatuta egonda karguan jarraitzea? Edo bere dimisioa eskatuko zenukete? Ala ez zarete gauza besteei eskatzen diezuena zuek betetzeko? Gaztelutik, zuen bitartez, EH Bilduri eskatu nahi diogu egoera honi konponbidea jartzea. Hala egiten baduzue publikoki aitortuko dugu eta bestela publikoki  gogoraziko dizuegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!