Haurrak protagonista Gazteluko asteburu kulturalean

Ataria 2014ko azaroaren 8a

Herritarrei zuzendutako asteburu kulturala prestatu du Gazteluk. Larunbat arratsaldean haur eta gaztetxoen txanda izan da. Eurei zuzendutako eskulan tailerrak izan dituzte herriko elkartean. Papera, kafe kapsulak, artileak, pintzelak, margoak, telak eta bestelakoak hartuta etxerako zein norberarentzat apaingarriak egiteko aukera iritsi zaie Gazteluko gazteenei. 

Iluntzean berriz, bideo emanaldia eskainiko zaie herritarrei. Hasier Etxeberria kazetariak zuzendutako Euskaldunak saioa, hain zuzen ere. Gaztelutarrek euren herrian bertan grabatutako saioa ikusgai izango dute primizian. Izan ere, honako bideoa ETBk Gabonetan emango du lehenengoz. Euskaldunak telebista saioko protagonista hiru euskaldun: Anne Igartiburu, Bernardo Atxaga eta Hilario Arbelaitz. 

Ondoren afari herrikoia izango da Erroizpe Azpiko elkartean. 

Eta igandean, festa frontoi inguruan bilduko da; bertan egingo baita azoka herriko produktuekin. Umeek gainera zaldi eta zaldikarroan ibiltzeko aukera ere izango dute. Eta bazkaria herriko erretirodunentzat izango da Gazteluko elkartean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!