Herritarrei zuzendutako asteburu kulturala prest

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 7a, 10:00

Larunbatean eta igandean hainbat kultur ekimen ospatuko dituzte Gaztelun

Asteburu hau ekimenez beteta izango dute Gaztelun. Azken zazpi urteetan bezala asteburu kulturala antolatu du herriko kultura batzordeak. Larunbata eta igandean bildu dituzte asteburuko ekitaldiak. Nahiz eta pasa den asteburuan ere jada izan zuten Dixieband taldearen kontzertua, eliza atarian.
Herri txikia dela ikusita «bi edo hiru eguneko» egitaraua prestatzen dute, Izaskun Etxeberria kultura batzordeko kideak azaldu bezala. Batez ere aurrekontu aldetik ere «justu samar» ibiltzen direlako eta lanerako ere «jendea behar delako».
Aipatu bezala, asteburu hau kultura batzordeak antolatzen du herriko Erroizpe kultur eta kirol elkartearen eta udaletxearen laguntzarekin. Urtero egitarau «antzekoa» prestatzen dute. Aurten agian «bereziagoa» Hasier Etxeberriaren bideo emanaldia delarik. Azken urteetan, herriko jendeak «belarrekin fede handia duelako» sendabelarrei lotutako hainbat gauza antolatu izan dituzte, baina aurten Gaztelun saioa grabatu zutenez emanaldia bertan egiteko ideia sortu zen.
Hala ere, batzordean urtean zehar antolatzen dituzten ekimenetan egiten duten bezala, garrantzia umeei ematen diete, eta urtean zehar «lanketa dezente» egiten da. Etxeberriarentzat herri mailan, hortaz, «herriko helduak eta umeak» izaten dira. Horregatik haurrentzat eskulanak eta jokoak antolatu dituzte, eta helduentzat bazkaria. 15 bat heldu biltzen dira urtero.
Igandean azoka izango da. Bederatzi edo hamar urte badira antolatzen dutela Gaztelun. Bertan hamar postu inguru egoten dira, eta batez ere «herriko produktuak» egoten dira: barazkiak, intxaurrak, Andres Etxeberriaren kalabaza erraldoiak, gaztainak, Gazteluko errotan egiten den arto-irina, gozoak... Animaliak eta pitxiak ere izanten dira. Kanpoko posturen bat edo beste ere izaten diren arren, «ia postu guztiak» herrikoak izaten dira. Etxeberriaren ustez «aberatsa» da herritarren parte hartzea egun horretan, eta hori «eskertzekoa» da.

HASIER ETXEBERRIAKazetaria

Bihar, Gazteluko asteburu kulturalaren baitan bideo emanaldi berezi bat izango da. Izan ere, egun Gaztelun bizi den Hasier Etxeberria kazetariak irailean Gaztelun bertan grabatutako Euskaldunak elkarrizketa saioa, eskainiko dute, 19:30ean. Saioa ETBrentzat grabatu zuten eta Gabonen inguruan erakutsiko du lehen katean, baina Gaztelun aurrez ikusteko aukera izango da primizian.
Ikusleak zer topatuko larunbateko bideo emanaldian?
Oraindik emititu ez den produktu bat aurkituko du. Bertan hiru euskaldun agertzen dira, beraien bizitzaz, pentsamenduaz, munduaren ikuskeraz, ofizioaz eta bizitzaz azken finean hizketan. Leku zaindu batean, Gazteluko etxe batean. Hiru pertsona horiek Anne Igartiburu, Bernardo Atxaga eta Hilario Arbelaitz dira. Hirurak ez dira egon inoiz elkarrekin, eta nik elkartu ditut.
Nolatan eskainiko duzue lehen emanaldia Gaztelun?
Gaztelu eta bertako artzain bat agertzen dira saioan. Eskerrak emateko modu bat da, aste kulturalaren barruan zerbait egiteko eskatu zidatenean, pentsatu nuen zer hoberik oraindik inork ikusi ez duen zerbait ikusteko aukera izatea baino. Nik uste dut beraiek ere poztuko direla, Gaztelu oso eder ageri baita. Ez da Gazteluri buruz, baina polita dela uste dut.
Nolatan aukeratu zenuten Gaztelu pertsonaia hauek elkartzeko?
Bizitzaren gauzak dira. Ni Gaztelun bizi naiz aspaldiko hilabeteetan, eta programa frantses bat ikusten ari nintzen, Ustegabeko parentesia izena duena. Berezitasun bat dauka aparteko etxe batean gertatzen dela, eta bertan altzari zaharrak eta daude. Ni justu horrelako etxe batean bizi naiz, eta pentsatu nuen: kontxo! Zergatik ez dugu hemen horrelako zerbait egiten? Orduan proposamena egin nuen, ideia interesatu zitzaien eta aurrera begira ikusiko dugu gehiago egiten dugun ala ez.
Orduan, saio gehiago grabatuko zenituzkete Gaztelun?
Lehenik ikusi behar da gustatzen den ala ez eta gero zer irizten dioten. Baina, nik esperantza handia daukat. Giro intimista bat lortzeko beharrezkoa da gune zaindu bat eta hor zuzendaritza artistikoa, dekorazioa eta hori dena oso inportantea da, eta Gaztelun leku bat daukagu hori egiteko. Aurrera begira gure munduan euskaraz hitz egiten duten eta ezagunak diren pertsonak ekarri nahiko genituzke. Pertsona nabariak edo beraien bizitzetan lorpen handiak dituztenak, eta hizketan abilak direnak eta zer esana dutenak. Gehiago egingo bagenu, hortaz, hortik joko genuke.
Perfil ezberdinetako pertsonak bildu nahiko zenituzkete.
Guztiz desberdinak. Asuntoa da hiru pertsona horien artean kimika berezi bat sortzen saiatzea. Normalean elkarren berri izango dute, zeren euskaldunak gutxi gara. Baina, seguru ez direla inoiz hirurak batera egon. Orduan, pentsatuz hiruren artean kimika bat sor litekeela, elkarren arteko komunikazio bat, intimitaterako aitortza moduko bat egiten dugu hau, eta ordubeteko saio bat da.
Lehen saioan lortu zenuten?
Lehena beti izaten da problematikoena, baina nik uste dut oso txukuna gelditu dela. Hala ere, nik ezin dizut hori esan, ea larunbatean zer esaten duten.

Asteburu kulturala
AZAROAK 8, BIHAR
16:30. Eskulanak herriko haur eta gaztetxoentzat.
19:30. Bideo emanadia. Gaztelun filmatutako Euskaldunak saioa.
21:00. Afari herrikoia Erroizpe Azpiko Elkartean.
AZAROAK 9, IGANDEA
Goiz osoan zehar. Azoka herriko produktuekin, frontoian eta
inguruan. Zaldi eta zaldikarroan ibiltzeko aukera ere izango da.
14:30. Herriko erretirodunen bazkaria elkartean.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!