Goikoetxea presoaren "erasoa salatzeko" protesta egin dute Fleuryn

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 16a, 15:16

Etxeratek hilaren 8an Goikoetxeak funtzionario baten «erasoa» jasan zuela salatu du, eta ordutik zigor ziegan egon da; bihar aterako da mitardetik

Etxerat elkarteak Andoni Goikoetxea preso gazteluarrak hilaren 8an funtzionario batengandik Frantziako Fleury espetxean jasandako «erasoa» salatu zuen. Erasoaren ondoren mitardera edo zigor ziegara eraman zuten hamar egunetarako; bihar aterako mitardetik. Goikoetxearen bikote den Olatz Gorostidik presoarekin hitz egin ahal izan du eta «ondo» dagoela esan dio.
Gorostidik 800 kilometro ingurura bizi behar izan du gertatutakoa. Berak hilaren 7an telefonoz hitz egin zuen Goikoetxearekin, eta hurrengo egunean odol analisiak egingo zizkiotela jakinarazi zion. Gauzak honela, astelehenean, espetxeko erizaindegira eraman zuten. Etxeratek salatu duenez erizaindegian espetxeko euskal preso politikoek «onartzen ez duten funtzionario bat» zegoen, lehendik ere «kideren bat erasotu duelako». Horregatik, «ez dute berarekin harremanik onartzen». Gorostidik azaldu bezala, erizaindegira sartzen direnean «pase bat» eskatzen diete. Bertan aurretik aipatutako funtzionarioa zegoen, eta Goikoetxeari «txartela eskatu zion, berak erakutsi zion eta beste bi pauso emanda berriro erakusteko esan zion. Berriro erakutsi eta beste bi pauso emanda hirugarren aldiz eskatu zion txartela». Egoera horretan, Goikoetxea «ukatu egin zen, jada bi aldiz erakutsi ziola esanez». Orduan, funtzionarioak «bi aldiz bultzatu» zuen, eta gazteluarra aurrera egiten saiatu zenean «bi funtzionario etorri ziren, lurrera bota zuten eta buruan eta sorbaldan.ostikoak eman zizkioten».
Erizaindegiko hitzorduaren ostean, mitardera eraman zuten, eta espetxeko komisioan «hamar eguneko zigorra jaso zuen». Zigor zeldan daudenean presoek bi dei egiteko aukera izaten dute, bata abokatuari eta bestea senideei. Goikoetxeak ostegunean abokatuarekin hitz egin zuen eta igandean senideekin. Gorostidik azaldu bezala ordura arte «urduritasun» handiarekin bizi izan zuen egoera, izan ere, lehenago kide batek senideak gertatutakoaren berri eman zien, baina abokatuaren bertsioa entzun arte «kezka handiarekin» egon zela dio. Berarekin labur hitz egiteko aukera izan zuen, larunbatean izango baitute bisita eta bertan xehetasun gehiago izateko aukera izango du.
Protestak elkartasuna adierazteko
Goikoetxearen moduluko kideek ordu erdiko protesta egin zuten hilaren 14an, goizeko patioan, «erasoa salatzeko», eta hauek ere zigortu zituzten; ondorioz, mitardean daude.
Gainera, Fleuryn aste honetan «miaketa gogorrak» izan dituztela salatu dute: «zeldak hankaz gora utzi dizkiete».  Honetaz guztiaz gain, Goikoetxea bera moduluz aldatu dutela jakinarazi diote Gorostidiri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!