Hiru urte daramatza Joxe Gabirondok neska-mutil gazteak segan trebatzen. Ederki ezagutzen du sega gazteluarrak; 1986an hartu zuen parte gazte mailako sega txapelketa batean lehenengoz, eta 1988an hasi zen maila nagusian jokatzen. Trontzan aritu zen ondoren, eta, 2006an, berriro ekin zion segari. Bai trontzan, bai eta segan ere, hamaika txapel jantziak ditu.
Udaberrian egiten dute deialdia segan ikasi edo entrenatu nahi duten guztientzat. «Hasieran gazteluarrak baino ez ziren etortzen, baina, pixkanaka inguruko herrietatik ere hasi dira etortzen, batik bat ahoz ahokoari esker zabaldu egin delako», azaldu du Gabirondok. Hala, egun Lizartzatik, Leaburutik edota Ibarratik joaten dira Gaztelura segan aritzera. Denera, hamabi neska-mutil inguru aritzen dira ikasten.
Bizirik jarraitzeko
Gabirondorentzat «poz handia» da gaztetxoak segarekin ikustea: «Urte asko eskaini dizkiot segari, eta segak berak ere asko eman dit; dauzkagun zailtasun eta berezitasun guztiekin, kirola sustatzeko eta bere jarraipena bermatzeko horrelako zerbait egitea, gaztetxoei irakatsi eta hauek kirol honetara erakartzea, behar beharrezkoa ikusten dut», dio. Gaur egun, baserrietan ere ez duela ia inork segan egiten azpimarratzen du, beraz, kirolak bizirik jarraitzeko, modu honetara beharko duela izan uste du.
Baserrien gainbeherak eta teknologia berriek «izugarrizko zailtasunak» sortu dituela kirol hau egiteko azaldu du Gabirondok. Gainera, berezkoak dituen ezaugarriak ere kontuan hartu behar dira, «kirol bakarretakoa baita leku berean ezin dena entrenatu, aldiro lekuz aldatu beharra baitago».
Gabirondok dioen moduan, orain arte, emakume edo gizonezko bati segan prestatzeko gogoa sartzen zitzaionean, normalean, baserri mundukoak zirelako eta sega probatua zutelako izaten zen. «Baserriaren munduarekin zerikusirik ia izan ez duena, bat batean segan hastea ez da ohikoa izan».
Gazteluko adibidea, baina, ez da oraindik herri askotan ikusten. Hori bai, Joxe Gabirondok azpimarratu duenez, segan hasten denak errepikatu egiten du normalean: «Oso pozik aritzen dira, eta gehienek jarraitu egiten dute; gainera, urtetik urtera segan hasi nahi duten gaztetxoen kopurua gehitzen ari zaigu». Segan ikastearekin batera ondo pasatzen dute, jolastu ere egiten dutelako euren artean, eta aurrera begira, jarraitu nahi duenak ere aukera du gehiago trebatu eta txapelketetan parte hartzeko.
Leaburuko erakustaldia.
Astez aste entrenatzearekin batera, batzuetan erakustaldiak ere egiten dituzte herri desberdinetan. Hurrengo astean, esaterako, Leaburuko jaien barruan ariko dira gaztetxoenetik hasi eta helduetaraino belarra mozten.
Gabirondok esan duen moduan, «ez da oso ohikoa, gure artean, hain gaztetxoak diren neska-mutilak segan ikustea», beraz, ikusmin handia sortuko duela espero dute. Jendea erakarriko duen beste proba Leabururen eta Belauntzaren arteko apustua izango da. Jon Otegi Arbola leaburuarra da lehiatuko den segalarietako bat. Hain justu, helburu horrekin antolatu dutela dema dio: «Herriko jaietan saltsa edo giro pixka bat jartzeko asmoz egin genuen, eta uste dut jendea erakarriko duela».
Apustuari begira, «gogor» ari dela antrenatzen azaldu du leaburuarrak: «guztia emango dut, irabaztera irtengo naiz». Hurrengo larunbatera arte itxaron beharko da, txapela nork jantziko duen jakiteko.
Sega jaialdi berezia izango da ikusgai, ekainaren 28an, Leaburuko jaien barruan
Datorren ekainaren 28an, Leaburuko San Pedro jaien barruan sega jaialdi berezia izango da. Ermitaren atzealdeko lur sailean, 17:30ean hasita ekingo diote segalariek. Lehendabizi, eskualdeko 10-15 urte bitarteko sei neska-mutilek —tartean, hiru leaburuar— erakustaldia egingo dute. Ondoren, emakumezkoak eta gizonezkoak —eskualdekoak denak— nazioarteko eran lehiatuko dira. Sega apustu berezia izango da gero, Leaburu eta Belauntza aurrez aurre jarriko dituena; hain zuzen ere, Leaburuko Jon Otegi Arbola eta Belauntzako Joxe Luis Zelaia ariko dira elkarren aurka. Azkenik, ilaran jarriko dira 3-4 segalariz osaturiko taldeka, erreleboka, 50 metro nork lehenago ebaki.