Herriko adinekoak protagonista bilakaturik

Iñigo Terradillos 2014ko ekainaren 17a

Gazteluko belaunaldi ezberdinetako herritarrek elkarrekin igaro zuten larunbat arratsaldea, solasaldi, mokadutxo, jolas eta guzti. Gaztetxoak, euren gurasoak eta aiton-amonak elkartu ziren herriko elkartean, eta, bereziki, azken horiek, adinekoak izan ziren protagonista.

Gazteluko Udalak herriko adinekoen parte hartzea bultzatzea helburu zuen ekimena abiarazi zuen urte hasieran, Uli Mankomunitatearen laguntzarekin, eta iragan larunbatekoa proiektuaren azken saioa izan zen. Astez aste elkartu dira adinekoak, eta Gazteluko historia kontatu dute, euren bizipenak edota bitxikeriak gogoratuz, eta argazki zaharrak bilduz. Argazki horiekin bilduma osatu dute, eta argazki nahiz solasaldi saioekin bideoa egin dute.
Hain justu, iragan larunbatean aurkeztu zizkieten herritar guztiei bideoa eta argazki bilduma. Adinekoak «oso pozik» geratu ziren lanarekin, eta Erroizpe azpiko kirol eta kultur elkartera gerturatu ziren guraso eta haurrek gustura ikusi zituzten. Bideoa ikusi ostean, mahai inguruan elkartu ziren denak, jan eta edaten zuten bitartean solasean aritzeko.
Garai bateko jolasen inguruan aritu ziren adinekoak solasaldietako batean, eta larunbatean jolas horietako batzuk irakatsi zizikieten haurrei beraiek jolasteko. Txokolatea hartzeko unea iristean berriro ere mahai inguruan eseri ziren, adinekoei bertso bat abestu zieten, eta  opariak banatu zizkieten.
Bestalde, larunbatean gerturatzerik izan ez zuten adinekoen etxeetara ere joango direla opariak banatzera azaldu dute antolatzaileek. Era berean, udaletxean argazki bilduma ikusteko aukera izango da, eta norbaitek eskuratu nahi izanez gero, erosteko aukera ere badela esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!