Gazteluko adinekoei eskainitako eguna antolatu dute biharko

Iñigo Terradillos 2014ko ekainaren 13a

Belaunaldi arteko eguna ospatuko dute bihar Gaztelun. Herriko adinekoak, gaztetxoak nahiz horien gurasoak elkartuko dira, eta solasean ariko dira elkarrekin, eta askaria egingo dute eta opariak banatuko dituzte. Hori guztia, «herriko adinekoei protagonismoa emateko helburuarekin».

Urte hasieran hasitako proiektuari emango diote amaiera biharko ekitaldiarekin. Herriko adinekoen parte hartzea bultzatu asmoz, Uli Mankomunitateak solasaldiak antolatu zituen beraiekin. Ainitze Telletxea mankomunitateko kideak azaldu moduan, «Gazteluko historia euren ahotik kontatzea nahi izan dugu, euren bizipen, pasadizo eta bitxikerietatik». Astean behi izan dituzte saioak, eta eskolari buruzko, garai bateko jolasen inguruko nahiz herriko beste hainbat konturen inguruan bizipen ugari kontatu dituzte herriko adinekoek. «Garai bateko argazkiak ere bildu ditugu, eta argazki bilduma osatu dugu, eta bideoa ere egin dugu argazkiekin, eta solasaldietan hartutako irudiekin», esan du Telletxeak.
Bada, bideo hori aurkeztuko diete bihar herritar guztiei, 16:00etan, Erroizpe azpiko kirol eta kultur elkartean. Argazki albuma ere ikusi ahalko da, eta ondoren, tertulia izango da, gurasoekin, haurrekin eta adinekoekin, istorioak elkarbanatuz. Bertsoak ere abestuko dituzte, opariak banatu, eta guztiek elkarrekin mokadutxoa hartuko dute elkartean bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!