Gotorlekuaren aztarnen atzetik

inigoterradillos 2014ko api. 27a, 19:00
Arkeolan fundazioko kideek hainbat gazteluarren laguntzaz Gazteluko Larteko gainean aurkitu dituzten aztarnak Burdin Arokoak direla baieztatu dute.

Gazteluko mendian antzina bazen gotorleku bat, nafarren inbasioengandik defendatzeko eraikia, eta gaur egun, haren arrastoak atzematen dira». Pablo Gorosabelek 1862. urtean argitaratu zuen Hiztegi Historiko Geografiko Deskribatzailean, Gaztelu herriari buruz hitz horiek aipatzen zituen. Lartek edota Erroizpek garai batean gaztelu bat hartu zutenaren ideia herriaren beraren izenean nahiz armarriaren irudian bizirik mantendu da. Adituek gisa horretako egitura bat eraikitzeko leku estrategikotzat dute, gainera, bai defentsarako, bai eta elkarrekin komunikatzeko egokia delakoan. Bada, ideia, zantzu edota susmo hori errealitate bilakatu da, izan ere, gain horietan egin diren indusketen bitartez baieztatu ahal izan da Burdin Aroan gotorleku bat altxatzen zela bertan.

Arkeologo eta aditu talde desberdinek urteak daramatzate Erroizpe inguruetan lanean. Arkeolan fundazioa da horietako bat, eta Mertxe Urteaga fundazioko eta Irungo Oiasso museoko zuzendariaren gidaritzapean ari dira lanean. Duela hiru urte satelite bidez hartutako irudi batzuek ikusmin handia piztu zuten eurengan. Lidar kartografiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ortofotoei esker oso kokaleku berezia aurkitu zuten Erroizpe mendiaren gailurrean eta Larteko bere inguruetan. Gainera, irudi horiek gain hartan hiru egitura zeudela erakusten zuten.

2012an zenbait lagin arkeologiko egin zituzten, eta hala gotortze lanekin zerikusia zuten horma zimentazioak topatu zituzten. Zehazki, Larte mendiaren gailurrean hiru egitura borobil atzeman zituzten. Eraztun horiek hamar metroko diametroa dute, eta hormak metro bateko zabalera du. Hainbat zundaketa egin zituzten, baina, ez zuten ez ikatzik, ez zeramikarik ez eta hezurrik topatu. Ondorioz, ezin izan zuten aurkitutako egitura hori datatu.

Pasa den urtean Urteaga Gaztelun izan zen, kultur astearen barruan Gazteluko gazteluari buruzko hitzaldi bat ematen, eta bertaratu ziren herritarrei bertan egiten ari ziren lanen eta topatu zutenaren berri eman zien. Hitzaldia amaitu zuenean, lan talde bat egitea proposatu zuen, auzolanean Larteko tontorrean lan arkeologikoak egiteko xedez.

Zundaketak auzolanean

Deialdiak harrera ona izan zuen, eta iazko azaroan Gazteluko hainbat herritar, eta berastegiar eta tolosar batzuk, 30 inguru, elkartu ziren herriko plazan. Aurreko urtean aurkitu zuten hiru eraztunetako batean aritu ziren lanean. Estaltzen zuen geruza kendu, eta oinplanoaren erdia agerian uztea lortu zuten, eta jarraian, egituraren erdian kata arkeologiko bat ireki zuten. Bertan, jatorri antropikoa zuten sedimentuak topatu zituzten, ikatza, zeramika eta hezur zatiak zituztenak, hain justu. Helburua beteta, egitura berriro ere estali, eta amaitutzat eman zuten auzolana.

 



Hurrengo pausoa Larteko gainean aurkituriko aztarnak noizkoak ziren jakitea zen. Horretarako, ikatza Suediako Uppsalako laborategietara eraman zuten, karbono 14 teknikaren bitartez datatu zezaten. Arkeolan fundaziokoek emaitza jakin bezain pronto auzolanean parte hartu zuten boluntarioak deitu zituzten, eta iragan martxoaren 28an bildu ziren denak Gazteluko Txispiri Kultur Elkartean. Jakinmin handia zegoen elkartu zirenen artean, eta guztiak pozik geratu ziren emaitzarekin. Karbono 14 teknikak adierazi duenez, Larten aurkitutako ikatza duela 2.476 urtekoa da. Teknika horren akats marjina 30 urtekoa baino ez da. Beraz, datu horrek baieztatu du inguru horretan Burdin Aroko gotorleku bat bazela. Ondorioz, garai horretako asentamenduen zentsuan Erroizpe-Lartekoa ere sartu behar da, Intxur, Basagain, Buruntza, Murumendi, Murugain, Moru, Munoaundi eta Akutukoekin batera.

Galdera ugari

Arkeologoen arabera aurkikuntza handia da Gazteluko gainetan eginikoa. Baina, era berean, galdera asko sortu ditu, Burdin Arokoa ez baino Erdi Arokoa izatea espero baitzen aurkitu zuten ikatza.

Arkeolan fundazioa lanean ari den eremutik gertu Erroizpeko gainean ari dira azken urteetan Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Egin dituzten lanen ondorioz, Burdin Aroko harresi baten aztarnak izan litezkeenak aurkitu dituzte. Ez dute indusketarik egin, eta ez da dataziorik egin, beraz, ez dago baieztapen zehatzik, baina, euren arabera, garai hartako h arresi baten itxura «nabarmena» du Erroizpeko eremuan agerturikoak.



Ez da hori, baina, urte hauetan guztietan aurkitu ahal izan duten aztarna bakarra. 80. hamarkadan lantza punta bat topatu zuen Erroizpen Berastegiko Migel Angel Jauregik. 87,5 gramo pisatzen du, eta 183x29 mm-ko neurria du. Eusko Jaurlaritzaren arkeologia biltegian dago egun, eta Brontze-Burdin Arokoa dela uste da. Pasa den urtean, berriz, Aranzadi elkartearekin Erroizpen indusketak egiten ari zirela beste lantza punta bat agertu zen. Lantza horrek dituen ezaugarriengatik Burdin Arokoa ez baino, Erdi Arokoa dela uste dute adituek. Iaz eginiko indusketa horietan ikatza ere topatu zuten, eta hori datatzera emateko dute oraindik. Datu horrek hutsune ugari dituen kontaketa honi argi pixka bat emango dio.

Juan Inazio Hartsuaga gazteluarra auzolanean aritu da Larte nahiz Erroizpeko guneetan. Berak dioen moduan, «gaur egun esku artean ditugun datuek frogatzen dutena da Burdin Aroan eta Erdi Aroan asentatze bat izan zela gain horietan». Hurrenkera hori oso luzea da, ordea, eta ondo dokumentatzeko materiala behar da. Material hori lortzeko, bertan lanean jarraitu behar da, eta auzolanean indusketa gehiago egiteko asmoa dute: «Udan Larten dauden hiru egitura edo dorre horiekin egingo dugu lan, hiru asteburutan; gaineko geruza edo belarra kendu eta desestali egingo ditugu. Poliki eta kontuz egin behar den lana da, ez hondatzeko», dio Hartsuagak. Indusketa horietan material berria edota beste egituraren bat agertzea litzateke bai arkeologoen, bai eta auzolanean parte hartzen ari diren herritaren nahia. «Oso une interesgarrian dago. Polita izango litzateke hipotesiak alde batera edo bestera eramateko materiala azalduz joatea».



Erroizpeko antzinako aztarnei so

Gaur egun, Erroizpe inguruan, Gaztelumendiko mendigunean arkeologoen hiru talde ari dira lanean, proiektu desberdinetan: Manu Zeberioren gidaritzapean ari da Aranzadi zientzia elkarteko talde bat, Brontzezko Aroa eta Erromatar aurreko garaia oinarri hartuta; Mertxe Urteagak zuzendutako Arkeolan fundazioko taldea Erromatar ondorengo eta Erdi Aroko garaiari begira ari da; eta, bestetik, Andoaingo Burdina taldea eta Felix Ugarte espeleologia fundazioa daude, Manu Izagirreren eta Jaione Iriondoren gidaritzapean, Aresoko zonaldean dagoen Ulizar kobazuloan ari dira lanean, bigarren Burdin Aroko aztarnekin.

Gazteluarrek, bestalde, esperientzia «berezia» bizitu zuten iragan urteko abenduan. Donostiako Intxaurrondo auzoan kokaturiko Eusko Jaurlaritzaren arkeologia biltegi orkorrera joan ziren hainbat herritar. Bertan, 'Gazteluko klanekoa' bezala izendatu duten lehen herritarraren burezurra ikusi ahal izan zuten. Ruiz Gaonak aurkitu zuen Txispiri kobazuloan, eta datatu gabe dago, baina, Brontzezko Aroan kokatzen dute, hau da, duela bost edo sei mila urte. Alberto Gonzalez tolosarrak Gaztelun egiten diren indusketetan parte hartzen du, eta Donostiara eginiko irteera horretan ere izan zen. Berak dioen moduan, «hunkigarria, zirraragarria eta liluragarria izan zen Gazteluko herritarrekin batera, haur, gazte nahiz helduak, une hori bizitzea, eta garai hartako arrastoak gure eskuetan izatea».

Irteera eta auzolanetako kontaketak nahiz Gazteluko eta Gaztelumendiko berriak, argazkiak eta bideoak biltzen ditu Gonzalezek www.basozaina.com atarian. Pasa den urteko Mertxe Urteagaren hitzaldia «oso interesgarria» izan zela eta harrera ona izan zuela gogoratuta, aurtengo kultur asterako proposamena luzatzen dio Txispiri kutur elkarteari: «Oso polita litzateke inguru horietan lanean ari diren hiru arkeologia taldeak elkartzea, eta bakoitzak bere aurkezpena egin ostean, solasalditxo ireki bat egitea guztiok batera».



Mendeen iragaiteak estali duena agerian uzten, eta pixkana, aurkikuntza txikiak zein handiak egiten dituzten heinean, azalpenak ematen saiatuko dira adituak Gazteluko zonalde horretan, orain arte bezala. Horrela, egun hutsik edo erdi hutsik dauden historiako orrialdeetan, gure arbasoak nolakoak ziren, zer egiten zuten, nola eta non bizi ziren... idatzi ahalko da.

Mertxe Urteaga Arkeolan fundazioko zuzendaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!