Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin oholtza gainean

Ataria 2013ko ekainaren 21a

Gazteluko haurrek azken lau asteak entseguetan eman dituzte. Gaur da eguna, gaur joango baitira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Gaztelura, eskualdeko haur guztientzat emanaldia eskaintzera. Gazteluarrak saioaren azkeneko kantetan igoko dira oholtzara, pailazoekin batera dantzatzera. Lan txukuna egiteko azken lau asteazkenetan burubelarri aritu dira lanean.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia 18:00etan hasiko da, baina aurrez, 17:00etan, txokolatea banatuko dute gerturatzen direnentzat. Aurpegia pintatzeko aukera ere izango da, eta sarrerako zenbakia kontuan hartuta, herriko produktuez osatutako saski eder bat banatuko dute. Giro polita egongo delakoan daude gazteluarrak. Ez da ahaztu behar, emanalditik lortzen den dirua Gaztelun haurrentzako parke bat egiteko erabiliko dutela. Ondorioz, eskualdeko haur guztiak gonbidatu dituzte gaur arratsaldeko emanaldira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!