Elduaingo Udalak etxeko konpostajearen erabilera egiaztatuko du gaurtik hila bukaera bitartean. Hala, hondakin organikoen autokonpostajea egiten duten herritarrek %56,66ko hobaria jasotzen jarraitu ahal izateko, konpostajea behar bezala egiten dutela frogatu beharko dute.
Udalak azaldu duenez, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) ezarritakoaren arabera, hobaria jasotzen duten herritarrek konpostajearen erabilera justifikatu behar dute.
Horretarako, bi aukera izango dituzte herritarrek. Batetik, konpostontziaren, haren barruko hondakin organikoen eta etxebizitzaren argazkiak bidali ahal izango dituzte WhatsApp bidez, 663 143 187 zenbakira. Irudiekin batera, hobariaren titularraren izen-abizenak eta etxebizitzaren helbidea adierazi beharko dituzte. Argazkietan pertsonarik ez agertzea eskatu du udalak. Bestetik, udalera deitu ahal izango dute, 943 683 121 telefono zenbakira, eta udal langile bati etxebizitzara joateko baimena eman, autokonpostajearen erabilera bertatik bertara egiazta dezan.
Udalak ohartarazi du ezarritako epearen barruan egiaztapena egiten ez duten herritarrei 2027an zabor-bilketaren tasa hobaririk gabe kobratuko zaiela. Era berean, jakinarazi du datozen urteetan ere aldian behin egingo dituela mota honetako egiaztapenak, hobaria jasotzeko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
Azkenik, herritarren laguntza eta lankidetza eskertu ditu udalak, hondakinak egoki kudeatzen eta autokonpostajea sustatzen jarraitzeko helburuarekin.