ELKARRIZKETA

«Historialariok iraganaren azterketa kritikoa egiten dugu»

Leyre Carrasco

Argazkilaria: JESUS CASO

'Itzaleko Protagonistak. Historiaren kontakizun androzentrikoa' hitzaldia emango du historialari iruindarrak Elduainen. Emakumeak historian modu ezkorrean agertu izan direla dio.

Kontakizun androzentrikoaren aurka, genero ikuspegia txertatzen du historian Amaia Nausia Pimoulier (Iruñea, 1982) historialariak. Emakumeak erdigunean jarriz, haien lorpenez mintzo da, eta urriaren 16an horren inguruan ariko da Elduainen. Kultur etxean emango du hitzaldia, 18:30etan, Itzaleko protagonistak. Historiaren kontakizun androzentrikoa izenburupean.

Nola kontatu izan digute historia?

Modu androzentriko batean, hau da, ez da bakarrik esaten gizonezkoek historia idatzi dutenik, baina egia da orokorrean hala izan dela, eta ez da ohikoa izan inoiz genero ikuspegia aplikatzea. Historia tradizional horrek normalean gizonezkoak protagonistak diren eremuetan –esaterako, politikoa edota instituzionala– jartzen ditu. Beraz, begirada hor jartzen baldin badugu ikusiko dugu emakume protagonistak aurkitzea zaila izango dela.

Zer esan nahi du genero ikuspegia aplikatzeak?

Genero ikuspegia aplikatzeak ez du esan nahi erreferente historiko femeninoak aurkitu behar ditugunik, baizik eta historia zabalagoa dela esan nahi du, begirada aldatu behar dugula eta beste eremu batzuk ere aztertu eta garrantzia eman behar diegula. Espazio horiek gutxietsi egin dira, hain zuzen ere, gizonezkoak ez direlako protagonistak izan, etxea edo eremu pribatua bezala. Horrez gainera, azpimarra kolektiboetan jartzen dut, eta hori ere azalerazi behar dugu. Horretarako, genero ikuspegia aplikatzea garrantzitsua da ikusteko nola historian zehar sistema patriarkal bat izan dugun, eta horren arabera nolako estruktura historikoak dauden, non horien arabera emakumeak bigarren maila batean geratu diren. Beraz, garrantzitsua da genero harremanak ere aztertzea, genero ikuspegitik ikusteko. Adibidez, gerraren kasuan emakumeak non eta nola egon diren jakiteko, edo iturriek emakumeen inguruan zergatik ez duten hitz egin jakiteko.

Nola aipatu izan dira emakumeak historian?

Iturrietan modu oso ezkor batean agertuko dira, eta iturri judizialak aztertzen baditugu normalean «emakume gaiztoak» agertuko dira, hau da, «emakume onaren» paperarekin apurtzen dutenak. Lehen mailako iturrietan misoginia handia dago. Emakumezkoak ahulagoak dira, eta jarrera paternalistagoa dago, hau da, jarrera bikoitza da; alde batetik, jarrera paternalista dago, hau da, emakumeak haurrak balira bezala tratatuak izan dira eta gutxietsiak zentzu horretan edo modu mesfidagarri batean, arriskutsuak direla eta gaitz askoren iturriak direla; eta gero, beste alde batetik, inbisibilizazioa dago, esate baterako, lan munduari dagokionez, askotan iturrietan ez dira agertuko emakumeak eta horrek ez du esan nahi lanik egiten ez zutenik, baina iturrietan normalean etxeko buruaren lanbidea bakarrik agertzen da. Hala ere, badakigu emakumeek egin egiten zituztela eta horretarako ikertu egin behar dugu. Historialariak begirada zorrotza izan behar du iturriek kontatzen ez dutena ulertzeko.

«Historialariak begirada zorrotza izan behar du iturriek kontatzen ez dutena ulertzeko»

Kontakizun horrek nola eragin du gaur egungo historian?

Gaur egungo autopertzepzioan eragiten duela uste dut. Ikuspegi hau ez da nik asmatu dudan zerbait, Gerna Lerder historialariak idatzi zuen patriarkatuaren sorreraren inguruko liburu batean. Lerderrek liburu horren sarreran gogoratu du unibertsitatean emakumeen ikasketak ematen hasi zenean, 70-80ko hamarkaden artean, bere klaseetan parte hartzen zuten neskak nola sartzen ziren klasera eta nola ateratzen ziren. Izan ere, esaten zen, haien jarrera eta bizitzarekiko ikuspegia aldatu egiten zela, zeren normalean emakumeoi ez garela historiaren parte esaten zitzaigun, eta horrek nolabaiteko inpaktua izaten zuen autopertzepzioan; hau da sinistu egiten genuen guk egiten genuena ez zela garrantzitsua. Lederrek argi nabarmentzen zuen emakumeen historia aintzat ez hartzea badela emakumeen kontrako indarkeria mota bat ere, eta nik uste dut narratiba hori lantzea eta horren ikuspegia aldatzea oso garrantzitsua dela, horrek gure buruarekiko dugun ikuspegia ere aldatu baitezake.

Zergatik geratu dira emakume askoren lorpenak gizonen itzalean?

Emakumeek zuten paperagatik. Askotan emakumeak iturrietan agertuko dira gizon batekin duten harremanaren arabera. Gizonak ez dira horrela agertzen iturrietan, normalean beraien estatusaren edo lanbidearen arabera agertzen dira, eta emakumearekin daukaten lotura normalean ez da agertuko. Emakumeak iturrietan eta gizartean gizonen jabetza izan dira, eta horregatik, bigarren maila batean gelditu izan dira. Emakumeei eman zaien hezkuntza eta adoktrinamentua, normalean zaintza edota amatasuna bezalakoak izan dira. Orduan, zergatik emakume baten lorpenean beti senarraren izena edo abizena azaldu behar du? Gizarteak hori zuelako emakumearekiko zuen ikuspegia. Mendeetan diskurtso misoginoa egon da menpean eta horrekin apurtzea gaur egun ere kosta egiten zaigu.

Irakaskuntzan, esaterako, historia modu androzentrikoan irakasten da oraindik?

Historia tradizionalak oraindik badu pisua curriculumak diseinatzeko eta garatzeko orduan. Batzuetan, eta hori aurrerapauso bat izan da, emakumearen historia gehigarri moduan agertzen da. Gehien kostatzen ari dena modu transbertsal batean genero ikuspegi hori azaltzea da, hau da, gerra bat azaltzen ari garenean kontakizun horretan ere emakumearen ikuspegia txertatzea. 

Ni Nafarroako Unibertsitate Publikoan historia modernoko edo kolonialismoaren historiako irakaslea naiz, eta gure gradua diseinatu zenean, generoaren irakasgaia txertatu zen, eta nik nire irakasgai horietan beti emakumearen ikuspegia txertatzen dut, baina horretarako irakasleak genero ikuspegia izan behar du eta hori zaila izaten da. Ikuspegi deskoloniala ere izan beharko luke eta klase ikuspegia ere landu beharko luke, beste hainbat kontu bezala. Historiografia hegemonikoak ideologia ere badu eta ideologia hori zuria, koloniala eta androzentrikoa da. Hori hegemonikoa izan denez, badirudi aseptikoa dela eta horrek ez duela ideologiarik baina badu. Nire inguruan, nire ikaskideak hori guztia txertatzen saiatzen dira eta aurrerapausoak ematen ari dira, baina zaila da eta oraindik asko dago egiteko.

«Historia tradizionalak oraindik badu pisua kurrikulumak diseinatzeko eta garatzeko orduan»

Euskal Herriko emakumeen historia biltzea ez da lan txikia. Nolatan hasi zineten honetan?

Hasi nintzenean ez nuen oraindik genero ikuspegirik, pixkanaka bereganatzen joan nintzen; batetik, militantziarekin, feminismoak lagundu zidan begiak irekitzen; eta bestetik, irakurketarekin. Tesia XVI-XVII mendeetako Nafarroako alargunen inguruan egin nuen, eta horrekin hasi nintzenean ez nuen oso garatua orain dudan begirada. Horregatik esan dezaket asko irakurriz bereganatu nuela, alegia historialari emakume asko irakurriz, bai klasikoak bai gaur egungoak, eta interes pertsonal batetik. 

Nire ikasleei beti esaten diedan bezala, historialariok ez dugu iragana aztertzen, baizik eta iraganaren azterketa kritiko bat egiten dugu, hau da, guk kontatzen duguna ez da gertatu zena, baizik eta gertatu zenaren interpretazioa egiten dugu. Hori beti galdera batzuetatik abiatzen dugu, eta egiten ditugun galdera horiek gure interes pertsonaletik abiatzen dira. Honekin esan nahi dut beti zorrotzak izan behar dugula egiten dugun ikerketarekin, ahalik eta objektiboenak, baina aldi berean, nik iraganari egiten dizkiodan galderak ez dira izan behar beste pertsona baten berdinak. Beraz, abiapuntua garrantzitsua da, eta historialari bezala ere, zintzoak izan behar dugu eta gure abiapuntua zein den azaldu behar dugu. Horrek ez du esan nahi iturriak manipulatu ditzakegunik; baina zein iturrietara joko dugun, zein galdera egiten ditugun eta zein gai landu nahi ditugun horrek badu abiapuntu pertsonal bat.

Argi dago oraindik asko dagoela egiteko. Zer aldatu beharko litzateke?

Genero ikuspegia txertatu beharko litzateke, eta hori ez da justizia kontu bat. Historialari onak izan nahi badugu, zorroztasunez galdetu beharko genioke iraganari eta orduan gizateriaren historia kontuan izango genuke. Horretarako, formakuntza jaso behar dugu historialariok, bereziki, historia irakasleek, eta batez ere, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan irakasten dutenek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!