Santa Kruz apaizaren gorpua herriratzeko aukera aztertuko du Aranzadik

Ataria 2026ko urtarrilaren 9a

Elduaingo Udalak egin dio eskaera zientzia elkarteari; Kolonbian hil zen apaiz elduaindarra duela 100 urte. Elduainen, uda partean, Manuel Santa Kruz Loidi zena gogoratzeko ekitaldiak egingo dituzte.

Elduaingo Udalak berriki eskatu dio Aranzadi Zientzia Elkarteari, herriko seme izan zen Santa Kruz apaizaren gorpua Euskal Herrira ekartzeko aukera aztertzeko. Abuztuaren 10ean ehun urte beteko dira elduaindarra Kolonbian hil zela.

Eskualdeko beste hainbat udalerrirekin batera, Tolosako setioa eta Belabietako bataila ikerketa-proiektuan parte hartzen ari da Elduaingo herria. Aranzadi dabil ikertzen eta, besteak beste, Elduain bertako dokumentazio asko jaso du, tartean herriko seme izan zen Manuel Santa Kruz Loidi, Santa Kruz apaiza goitizenarekin ezaguna izan zenaren ingurukoa ere.

Ikerketaren barruan eta Santa Kruz apaizaren heriotzaren mendeurrenaren harira egin diote eskaera zientzia elkarteari, udalak jakin nahi baitu zein aukera dagoen haren gorpua Elduainera ekartzeko.

Aurretik ere egin izan dituzte Manuel Santa Kruz oroitzeko hainbat ekitaldi herrian, baina aurtengo urteurrenari erreparatuta ekitaldi artistiko-kulturalak egiteko asmoa dutela jakinarazi du udalak; hari buruzko hitzaldi bat izango omen da tartean eta herritar eta Tolosaldeko alkateak gonbidatuko dituzte bertara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!