Kultur elkarte berrira batzeko deia egin diete herritarrei

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 26a

2022ko Gau Beltzaren bueltan, ipuin kontalaria egin zuten eliza atarian. ENERITZ MAIZ

Aurreko taldea desagertu egin zen errelebo faltagatik, eta herritar batzuk elkartzen hasi dira herriko kultur jarduerak antolatzeko helburuarekin.

Urte berriarekin proiektu berriak abiatu ohi dira, eta Elduainen urtea bukatzerako ekin diote herritarrak, kultur elkartea osatzen ari baitira. «Kultur jarduerak antolatzen aritzen zen talde bat bazegoen herrian, baina errelebo faltagatik ez zuen jarraipenik izan; bada, hori berriro ere martxan jartzeko asmoz hasi gara elkartzen», azaldu dute elkarteko kideek.

Talde baten faltan, azken aldian herriko jarduera guztiak udalak antolatzen dituela azaldu dute; «oso ondo egiten duen arren, horietako asko ez dagozkio udalari antolatzea –Gabonetako eskea edo Gau Beltza bezalako jarduerak, esaterako–, herritarrok parte hartu beharko genuke antolaketan».

Azaroaren 16an bildu ziren lehen aldiz, erabakiak hartu eta jarduerak antolatzen hasteko. «Urte amaierara arte herrian izango diren ekitaldiak zerrendatzen eta antolatzen hasi ginen eta lan banaketa ere egin genuen; azken hori garrantzitsua da, antolaketan inplikatzeak herriaren parte izatea sortzen baitu», adierazi dute.

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira, estaerako, osatu dute azaroaren 30erako egitaraua, udalarekin eta Urdelar Biltokiarekin elkarlanean. 10:30ean, Arnasgunea gara dioen horma irudia margotuko dute –eguraldi ona eginez gero–, herriko sarreran dagoen aparkalekuan. Ondoren, 12:00etan, hamaiketakoa egingo dute Urdelar biltokian eta, Galtzaundi Euskara Taldearen ekimenez, argazki kolektiboa aterako dute plazan, 13:00etan. Arratsaldean, berriz, argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute, 17:00etan, eta horren ostean, 17:15ak aldera, bingo musikatua eta txokolatea izango dituzte.

FORMA EMATEN

Elduain herri txikia da, eta zerbitzu ugari eskaintzen dituen arren, hutsuneak badira. «Aipatzekoa da, zoritxarrez, ez dugula eskolarik, eta ondorioz, gure umeek beste eskola batzuetara joan behar dute; horrek kezkatzen gaitu, gure umeek herriarekiko atxikimendua izateko oztopoa delako», azpimarratu dute.

Elkartea osatzen duten gehiengoa gurasoak diren arren, badira guraso ez diren partaide batzuk ere. Horregatik, herritar guztientzako erakargarriak diren jarduerak antolatzeko asmoa dute: «ez ditugu umeei bideratutako ekitaldiak soilik egingo, herritar guztiei bideratutakoak izatea nahi dugu».

Horretarako, udalaren eta beste eragileen parte hartzea ezinbestekoa dute, eta lehen bileran horren inguruan ere aritu ziren: «Herriko nerabeek begirale bat dute eta horrekin hainbat jarduera egiten dituzte, baina gauza guzti hauek era bateratu batean egin nahiko genituzte, elkarlanean. Batzuetan zaila da nerabeak gurasoekin eroso sentitzea, eta hori ulergarria da, baina hori gure helburuetako bat da. Hasiberriak gara, baina funtzionatzeko modua bai aldatu beharko genukeela, eta hobetu beharreko gehiago izango ditugu seguru».

Ilusioz ari dira lanean, eta elkarteari pixkana forma ematen joango direla diote; hori da transmititu nahi dutena datozen hilabeteetan antolatuko dituzten jarduerekin. Abenduan egingo dute datorren bilera, eta urte osorako programazioa osatu nahi dute. «Interesa duen herritar orok parte hartu dezake», esan dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!