«Ez nuen espero horrelako emaitzak lortzerik»

Imanol Garcia Landa 2025eko azaroaren 20a

Udane Mujika eskalatzaile elduiandarrak Espainiako Kopa irabazi du soka eta bloke modalitatean 17 urtez azpiko mailan. Eskalatzen eta lehiatzen jarraitzeko «motibazio handia» duela esan du.

Udane Mujika eskalatzaile elduaindarrak Espainiako Koparen sailkapen orokorra irabazi du sokako zein blokeko modalitatean, 17 urtez azpiko mailan. Orain arteko bere lorpen handiena izan da: «Niretzako oso garrantzitsua da. Ez nuen espero hori lortzea, eta aurrera begira motibazio handia da. Oso pozik nago».

Hiru proba egin ditu modalitate bakoitzean, eta horietan lortutako emaitzek eman dizkiote sailkapen orokorreko lehen postuak. «Kopa hasi aurretik ikusten nuen ondo moldatuko nintzela, ahalmena banuela, baina ez nuen espero bi modalitateetan irabazle izatea. Maila oso altua dago, eta aurreko urteetan ondo moldatu naiz, baina ez nuen espero horrelako emaitzak lortzea».

Espainiako Txapelketan podiumean sartu zen bi modalitateetan: hirugarren egin zuen sokan eta bigarren blokean. Txapelketako emaitzak ikusita, kopan ondo moldatuko zela ikusi zuen.

Kopako azkeneko proba Kantabriako Potes herrian egindakoa izan zen, urriko azken asteburuan, blokeko modalitatean. Sailkapen orokorrean lehen postuan zegoela joan zen Mujika, eta proba irabaztea lortu zuen: «Niretzako ikaragarria izan zen. Lehenengo nindoan eta lehen postu horri nola eutsiko nion ikusi behar nuen. Presioa banuen, baina ez nengoen oso urduri, eta ez zidan baldintzatu. Azkenean nire proba onena izan zen».

Kuttunago du blokeko diziplina elduaindarrak: «Betidanik blokekoa izan naiz, baina soka gero eta gehiago gustatzen zait». Blokeko modalitatean sokarik gabe aritzen dira eskalatzaileak, ez dira metro asko igotzen eta zeharka joaten dira horman; erorketa leuntzeko koltxonetak jartzen dituzte lurrean. Sokako modalitatean ahal den gehien igo behar dira, eta igo ahala soka lotzen joaten dira segurtasuna bermatzeko. «Hasieran sokarekin aritzea ez zitzaidan hainbeste gustatzen, beldurra nuelako, baina urteak pasatu dira eta azkenean gustua hartzen diozu».

Datorren urtean maila berria

Espainiako Koparen amaierarekin ere denboraldia bukatu da. Txapelketa herrikoi batzuk izaten dira, baina ez estatu mailakorik. Apirilean hasiko dira berriro txapelketak, Europa mailakoak ere bai. Aurten 16 urte beteko ditu Mujikak eta datorren urtean mailaz igoko da 19 urtez azpikoan lehiatzeko. «Gustatuko litzaidake Europa mailako probetara joatea, baina kategoria berrian gazteenetakoa izango naiz, eta hor beste maila bat izaten da».

Europako probetara joateko Espainiako selekzioarekin joan behar izaten da, eta horretarako hautaketa probak egiten dituzte. «Pare bat hilabetetara egingo dira proba horiek. Orain lortutako emaitzak kontuan hartzen dira eta probetan hautatzaileek ikusten dutena». Aurten lehenengo aldiz egon zen Mujika Europako Kopan eta Txapelketan parten hartzen. «Emaitzak nahiko irregularrak izan ziren, baina ikasteko balio izan dit».

Aurrera begira jarraitzeko asmoz dago eskalatzaile gaztea: «Gogo handia dut, eta jarraitu nahi dut eskalatzen eta lehiatzen». Aire libreko eskaladan ez da hainbeste aritu. «Orain txapelketak bukatuta, denbora libre gehiago izaten da, baina bestela ez da tarte handirik izaten txapelketengatik. Noizbehinka ondo etortzen da aire librean eskalatzea». Txapelketetarako entrenatzeko hainbat rokodromotan aritzen da. «Hemendik zehar ibiltzen naiz, eta ez daukat bat zehatza, aldatu egiten dut. Zarautzera joaten naiz, Bilbo aldera, Donostiara, Alegiara...». Orain pare bat aste hartuko ditu atseden hartzeko, eta hortik aurrera ahal duen guztia entrenatzen hasiko da denboraldi berrirako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!