Elduaingo Udalak joan den urtean abiatu zuen Ertotxe eraikineko parte hartze prozesua. Horretarako, lehenik, bisita gidatuak antolatu zituen, eraikina ezagutzen ez zuten herritarrek gertutik ikusi zezaten. Ondoren, galdetegi bat zabaldu zuen herritarren artean, eta guztira, 60 proposamen baino gehiago bildu zituzten. Eta orain, bildutako proposamen horiek aztertuko ditu udalak.
Maite Bizkarrondo zinegotziak esan du hasieratik izan dutela argi zein izango den Ertotxe eraikinaren funtzioa: «Herria elkartzeko gune bat izatea da gure asmoa, adin ezberdineko jendea bildu eta ekintza ezberdinak egiteko aukera emango duena». Herritarrek, besteak beste, kirol eta kultur jarduerak egiteko zentroa izatea nahi dutela nabarmendu zuten, herrigunean ez baitago horretarako nahi adina espaziorik. «Kultur etxean eskolaz kanpoko edota emakumeentzako jarduera ugari izaten ditugu, baina zorionez, txiki geratzen ari zaigu eta Ertotxek espazio falta hori beteko luke».
Urte amaierarako proiektuarekin hastea aurreikusten zuten udaletik, baina datorren urteko lehen hiruhilekora luzatuko dutela jakinarazi du zinegotziak.