Elduaingo Ostatuaren kudeaketa lehiaketara atera du udalak

Ataria 2025eko urriaren 14a

Elduaingo Ostatua kudeatzeko ardura hartuko duen ostalari baten bila dabiltza; izena emateko azken eguna urriaren 28a izango da.

Elduaingo Ostatua berriro martxan jartzeko kudeatzaile baten bila dabiltza, eta horretarako lehiaketa publikora atera du Elduaingo Udalak. Duela hiru urte hainbat berrikuntza egin zituzten bertan; sukaldea berritu zuten, leiho eta ate berriak jarri zituzten, eta terraza bat egokitu zuten. Taberna eta sukaldeko zerbitzuaz gain, denda jartzeko gunea ere egokitu zuten, herritarrei oinarrizkoak diren produktuak eskaintzeko asmoarekin.

Hori kudeatuko duen pertsona «arduratsu» baten bila dabiltza eta horretarako interesa dutenek dagoeneko zabalik dute izena emateko epea. Urriaren 28a arte izango dute horretarako azken eguna. Epe hori baino beranduago aurkezten diren proposamenak ez dira onartuko, baldin eta posta zerbitzuan epea amaitu aurretik entregatu direla egiaztatu. Izena eman baino lehen ostatua ikusi eta baldintzen berri izan nahi duenak udalarekin jarri beharko du harremanetan, bulegora joanda, udala@elduain.eus helbidera idatzita edota 943 683 121 zenbakira deituta. Informazio osagarri guztia www.elduain.eus webgunean dago eskura.

Behin izena emateko epea amaituta, baldintzetara gehien egokitzen den proiektua aukeratuko da. Eta esleitzean, kudeatzaile berria segituan lanean hasteko moduan izango dela esan dute udaletik. Urtebetekoa izango da kontratuaren iraupena, kontratua sinatu eta ustiapenaren xede den espazioko giltzak entregatzen diren hurrengo egunetik aurrera. Sei hilabeteko froga-aldia ezarriko da lehenik eta denbora hori dohakoa izango du kudeatzaileak. Ondoren, 150 euro ordaindu beharko ditu hilean –BEZa barne–.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!