Elduaingo jaiak 2025

Lehen aldiz, haurren kros herrikoia egin dute Elduainen

Ataria 2025eko irailaren 6a

Atzo suziria lehertu ondoren, festen bigarren eguna ospatzen ari dira Elduainen; eguerdian, estreinakoz, haur krosa egin dute, 28 parte hartzailerekin.

Elduaingo festen bigarren egunean, haurrak izan dira protagonista goizean. Lehenik, frontoian hamaika jolasetan aritzeko aukera izan dute. Ondoren, I. Kros Herrikoian parte hartu dute. Guztira, 28 haur aritu dira herri inguruan lasterka, elduaindarrak nahiz inguruko herrietatik bertaratutakoak, hiru mailatan banatuta: 0 eta 6 urte bitartekoak, 6 eta 10 urte bitartekoak, eta 10 urtetik gorakoak. Lehenengoek, ondorengo ibilbidea egin behar zuten: plazatik aparkalekura eta buelta. Bigarrengoek, berriz, ondorengo ibilbidea: Plaza-Ertotxe-Zamo-Zamone-Intzene-Plaza. Eta hirugarrengo mailakoek, azken ibilbide horri bi itzuli eman behar zizkioten.

0-6 urte bitartekoen mailan, 10 haurrek parte hartu dute, eta Noa Ubiria izan da azkarrena. 6-10 urte bitartekoetan, 13 haur aritu dira korrika, eta Uxue Etxetxipia heldu da lehen postuan plazara. Azkenik, 10 urtetik gorakoetan 5 haurrek parte hartu dute, eta Irai Onsalo izan da azkarrena.

Goizeko ekintzak amaituta, eguerdian, herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean jarraituko du festak Elduainen. Hona hemen datozen ordu eta egunetarako egitaraua:

Irailak 6, larunbata

  • 14:00. Herri bazkaria eta ondoren, bingo herrikoia.
  • 15:30-18:30. Puzgarriak eta apar festa.
  • 19:00. Alarma Morea taldearen kontzertua.
  • 23:00-02:00. Ahantzi taldearekin erromeria, eta ondoren, Mali DJ-a.

Irailak 7, igandea

  • 11:00. Gaztetxoen Toka Txapelketa.
  • 11:30. Helduen Toka Txapelketa.
  • 12:00. Sardina, Ibarrako Langostino eta txorizo jatea, txakolina eta sagardoarekin.
  • 17:30. Txokolate beroa eta Elduain eta Berastegiko gaztetxoen arteko herri kirolak.
  • 18:00. Tio Teronen semeak taldearen Haurreskolari ikuskizuna, eta ondoren, Joxe Mari Mendizabalekin erromeria.

Irailak 8, astelehena
Andra Mari Eguna

  • 12:15: Meza Nagusia eta ondoren, hamaiketakoa.
  • 17:00. Zirkun konpainiaren Loraldia zirku ikuskizuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!