Elduaingo Udalak lehen argazki lehiaketa antolatu du, eta hain justu, gaur eman diote hasiera. Plazan egin dute aurkezpen ekitaldia, eta bertan, Pedram Yazdani Hejazi argazkilari eta bideogileak kamera bat nola erabili jakiteko oinarrizko informazioa eman die bertaratu diren herritarrei. Kameraren abiaduraren edota diafragma eta ISOaren erabileraz aritu dira, besteak beste.
Horrez gain, bertaratu direnek eta kamera eraman dutenek argazkiak egiten hasteko aukera izan dute. Izan ere, lehiaketan parte hartzen duten herritarrek herriko txoko kuttunak jaso beharko dituzte. Hortaz, argazkiak Elduaingo mugetan atera beharko dituzte, eta horretan aritu dira goizean, hain zuzen, gustuko duten txokoari argazkiak egiten aritu dira.
Izen-ematea azaroaren 17a baino lehen
Heldu zein haurrek parte hartu ahal izango dute, lehiaketak bi kategoria izango baititu. Batetik, 14 urtetik beherakoen gazteen kategoria izango da, eta bestetik, 14 urtetik gorakoen helduen kategoria.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki bidali beharko ditu udala@elduain.eus helbidera, azaroaren 17a baino lehenago. Argazkiak horizontalak eta kalitate onekoak behar dute izan, eta lan bakoitzari titulua jarri behar zaio. Horiek bidaltzean, egilearen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira helbidean. Argazkiak herriko egutegian erabiliko dira eta sari banaketa abenduaren 1ean egingo da.