Ertotxe eraikinaren partehartze prozesua zabaldu du udalak

Ataria 2024ko ira. 24a, 19:59

Elduaingo Udalak herritarren ekarpenak jaso nahi ditu, eta horretarako Ertotxe eraikina barrutik ikusteko bisitak antolatu ditu ostiral arratsaldean eta igande goizean.

Herriaren jabetzakoak diren eraikinak herritarren zerbitzura jartzeko asmoarekin dabil Elduaingo Udala. Horren adibidea da Ertotxe eraikina. Pilotalekuaren atzealdean kokatuta dago eraikina eta orain arte apaiz etxea bezala ezaguna izan da. «Pasa den urtean gotzaindegiari erosi zion udalak, eta, etxebizitzak egiteko kontratu bat sinatu genuen arren, herriari zerbitzu desberdinak eskainiko dizkion eraikina izatea erabaki dugu azkenean», azaldu du Oihana Amundarain alkateak. Horretarako, prozesu parte hartzailea abiatu dute, «herriak zer behar dituen eta zein zerbitzuren beharra ikusten den jakiteko».

Espazioari dagokionez, eraikin «oso handia» dela azpimarratu du alkateak: «Hiru pisu dauzka eta espazio zabala du. Barrutik berritu beharra dago, baina estruktura aldetik ondo dago. Kanpoan ere lursail berdea du eta hori ere beste edozein gauza egiteko aprobetxatu daiteke».

Ertotxe gehiegi ezagutzen ez duten herritarrek horretarako aukera izango dute asteburuan. Izan ere, udalak bisita gidatuak antolatu ditu. Horiek ostiral arratsaldean 17:00etatik 19:00etara, eta igande goizean 10:00etatik 12:30era izango dira. Saio bakoitzak ordu erdiko iraupena izango du eta lau pertsonako taldeetan egingo dituzte. Herritarrek oraindik izena emateko aukera dute 943 683 121 zenbakira idatzita edo udaletxean bertan. 10 urte bitarteko herritarrek heldu baten laguntzarekin egin beharko dute bisita gidatua. Bi egun horietan joan ezin duten herritarrek, berriz, eraikina beste egun batean ikusteko aukera ere izango dute.

LEHEN FASEA

Parte hartze prozesua kanpo enpresa baten laguntzarekin ari direla egiten azaldu du Amundarainek, eta hori gidatuko duen talde motorra ere izango dute. «Talde motor horretan parte hartze prozesuko arduradunak egongo gara, baita udal arkitektoa zer ahal den egin edo zer ezin den egin esango duena, bidea jarraituko duen zinegotzietako bat eta herritarrek ere osatuko dute». Talde motorraren parte diren herritarrek lan gehiago egin beharko dutela gaineratu du alkateak, «abendura bitarte egingo diren bileretara joan beharko dutelako».

Lehen fasea galdetegi bat prestatzea izango da, eta herri guztiari zabalduko zaio ideia desberdinak biltzeko. «Ideia horiekin proiektu ezberdinak egingo ditugu eta proiektu horiek aurkeztu egingo dira; herritarrei erakutsi, horien artean bozkatu eta bozkatuenak aztertuko ditugu urte bukaera baino lehenago erabateko proiektua atera ahal izateko», esan du.

TALDE MOTORRA

Udalaren helburua herritar guztiengana iristea dela azpimarratu du alkateak, «horretarako perfil ezberdinetako herritarrak elkarrizketatu nahi ditugu, denen iritzia kontuan hartzeko, izan haur edo heldu. Beraz, baliabide ezberdinak lortzea espero dugu herritar guztiengana iritsi, denen iritziak jakin eta denen beharrak asetzeko».

Talde motorraren parte izan nahi duten herritarrek 695 703 182 zenbakira edo udalaelduain@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!