Modu berezi batean egiten ditu ukenduak Iñaki Nazabalek (Elduain, 1974). Naturarekin konektatuz, zer landare bildu behar dituen galdetzen du eta hortik sortzen joaten da zer formula erabiliko duen ukenduak egiteko, ipuin bat sortuz. Jerejef elkartearen bitartez, ukenduak bidaltzen ditu Afrikara.
Nondik datorkizu ukenduak egitearena?
Garai batean gure aitak egiten zituen. Orain dela 23 bat urte perratzaile bezala aritzen nintzen, eta gertatu zen ukendurik ez zegoela, eta pentsatu nuen nik egin beharko nituzkeela. Azken finean, beti egon naiz harremanetan landareekin, beti naturan sartuta, eta hortik hasi nintzen, hor izan zen nire lehen pausoa.
Aitaren bitartez ikasi zenuen?
Ez, naturaren bitartez, nire kasa. Nik beti esan izan dut ukendu bat egin behar nuenean landareei galdetzen niela edo naturari galdetzen niola zer egin behar nuen, eta galdetzen nien zeinek etorri nahi zuen nirekin ukendu hori egitera, eta landareek erantzuten zidaten. Ume bat bazina bezala sartzen zara komunikazioan landareekin. Hortaz gain, seinaleak daude naturan, momentu batean atentzioa ematen dizu landare batek, eta esan daiteke landare horrek zu aukeratu zaituela; izan daiteke ere, tximeleta batek edo erle batek atentzioa ematea, edo landare baten inguruan zaudela eta txori bat kantatzen hasten dela. Modu horretara daude eginda ukendu guztiak.
Irakurleak galdetu dezake nola hitz egiten duten landareek. Nola azaldu hori?
Seinaleak dira. Zure inguruan azaltzen diren landare guztiek zu aukeratzen zaituzte zerbait egiteko. Beraz, landare horrek sekulako lana egin du nik bera ikusteko. Zer euri, haize, jasan behar izan dituen hor egoteko; zer egin duen naturak nik landare hori jasotzeko. Puntu horretatik ikusita, zoragarria da, ez dago hitzik. Askotan zaila da kontatzea nola egiten den. Ni ipuinen bitartez aritzen naiz. Oso garrantzitsua da ipuin berriak sortzea. Ukendu espezifiko bat egin behar denean, pertsona batentzat edo animalia batentzat, denek dute ipuin bat. Norbera azkenean haur bat da, eta haur batek imajinazio handia du, eta imajinazio horren bitartez sortzen dituzu. Erregeak eta erreginak sortzen ditut, printzeak eta printzesak; erregea izan daiteke sorgin bat edo zuhaitz bat edo animalia bat. Norberak duen imajinazioaren arabera sortzen duzu ukendua, eta zuk ematen diozu boterea ipuin horren bitartez. Ipuinak sortzen diren heinean, sinpleago egiten zoaz, eta ipuin berezi bat sortzen da, oso pozgarria, eta batzuetan barregura ematen du, ikusita zer sortu duzun, eta gero errealitatean ukendua ematen duzunean, zure azala ukitu eta momentuan hasten da lanean. Natura guztia hor dagoelako hasten da horren azkar lanean.
Baina landare bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bakoitzak gauza jakin bat sendatzeko ahalmena, ezta?
Landare gehienek propietate antzekoak dituzte. Herri txikietan pasmo-belarra sakratua izan da, berbena ere bai, baita milazuloa edo basailena, intsusa sorginen zuhaitza ere berdin... Zuk botere hori ematen badiozu, sakratu izanda, oraindik eta boteretsuagoa da. Azken finean, ez duzu jakin beharrik zer ezaugarri dituen, natura ari bazaizu hitz egiten. Esaten dizu zer landare hartu behar duzun pertsona horrentzat. Argazki bat baduzu eta hori aurkezten badiozu naturari, berak esaten dizu zer hartu behar duzun, zeinek izan behar duen erregea, zein erregina, zein printzea, zein sorgina, zein laguntzailea...
Ukenduak egiterakoan, beraz, ez duzu landare jakin bat hartzen, sortzen denaren arabera lan egiten duzu.
Nik normalean ukenduak landare oso gutxirekin egiten ditut. Badut bat landare bakarrarekin egindakoa eta erredura bat momentuan sendatzen dizu. Horrek ipuin oso potoloa du, baina azken finean zuk jartzen diozu ipuin horretan nahi duzuna, eta landare horrek hori dena ematen dizu.
Ukenduak ere egiten dituzu, ez bakarrik bereziki norbaitentzako, baita orokorragoak, hau da, erredurak, zauriak... sendatzeko?
Orokorragoak ere egiten ditut. Batzuetan, pertsona batentzat bada, argazki baten bitartez egiten ditut. Bestela, orokorragoak direnak, eta infekzioak, edo erredurak edo zaurientzako direnean, beste modu batera egitea erakusten dit naturak. Ni orain 23 urte hasi nintzen, eta orain bost urte arte ez nekien nola egiten nituen. Ez dut pentsatzen nola egiten dudan, baizik nola konektatzen naizen. Naturak esaten dit zer eta nola egin behar dudan.
«Ez dut pentsatzen nola egiten dudan, baizik nola konektatzen naizen; naturak esaten dit zer eta nola egin»
Tailerrak ematen dituzu ukenduak nola sortu erakusteko. Zuk konexio mota bat duzu naturarekin, baina ikasle batek beste bat izan dezake.
Lorena Diezekin batera egiten dut lan, Liluratu Terapeutak bezala, eta berak eskatu zidan hori erakusteko, eta nik ez nekien nola egin. Niretzako hori erakustea oso zaila zen, eta hiru bat urte eman nituen hori dena lurrera jaisten. Ez nuen formarik bilatzen, orduan pentsatu nuen ni ukenduak egitera joaten naizen bezala, jendea bertara eramatea. Erakusten dut zalantzarik ez egiten, garrantzitsua baita zalantzarik ez izatea. Egiten ari zarenenean, gutxi edo asko bota diot pentsatzen hasten bazara, edo landare honen ordez beste bat jarri behar nuen... Hor bere magia galtzen hasten da. Nik erakusten dut zalantzarik ez izaten; erakusten dut konexioa egiten, nola galdetu behar duzun, eta atentzio osoa izaten. Izan ere, seinale pila bat daude, eta galdetzen duzun momentuan seinale oso indartsua sortzen da, eta ez baduzu ezer jasotzen, ez diozu kasurik egiten. Galdetzerakoan, aurrenekoa ikusten duzun landarea hartu; bigarrengoak ez dizu balio. Kanalizazioak bezala dira. Kanalizatzerakoan aurrenekoak balio du, bigarrengoan burua sartu da.
Landareak bildu eta ukendu bihurtzeko prozesua nola egiten duzu?
Jaso eta normalean lehortzen uzten ditut, ilunetan. Jasotzen duzun garaian ipuina sortzen duzunez, gero beti handitik txikira bota behar duzu.
Zure egiteko modua azaldu diozunean ukenduak egiten dituen beste bati, zer erreakzio izaten du?
Barre egiten du... Pare bat ikastarotan izan naiz jakiteko nola egiten zituzten, eta ez zeukan zerikusirik. Belarra moztu, jarri eta kontutan egon. Hor ikusten dut ukenduak egiten dituenak intentzio hori ez duela, bakarrik hartzen ditu landarearen propietateak. Zientifikoki egiten baduzu, ez duzu esentzia hori, eta nik uste dut hemen garrantzitsuena dela bakoitzak duen esentzia.
Edozein pertsona izango litzateke gai ukenduak zuk egiten dituzun bezala egiteko?
Bai, noski. Azken finean, naturan murgiltzen zarenean, naturak hitz egiten dizu dizu, eta bakoitzak behar du bere denbora hobetzen joateko. Aurrenekotik bigarrengora ezberdin jokatzen duzu, ezberdin murgiltzen zara naturan. Praktikatzen zoazen heinean, hobetzen zoaz. Nik egiten ditudan ukenduak perfektu egiteko zortzi urte pasa nituen. Gero ikusi nuen ezin nuela gehiago hobetu, eta hobetzeko modua zela lan pertsonala eginez: nire bibrazioa aldatzen doan heinean, ukenduarena ere aldatzen doa. Niri beti inporta izan zait ukenduaren eragina azkarra izatea, bi edo hiru egunetan infekzio guztia ateratzea adibidez, eta laugarren egunerako orbaina geratu dadila. Azkartasun horretan hobetzen saiatzen naiz.
Bestalde, ukenduak egin ditzakezu sendatzeko, baina baita mundu berri bat sortzeko ere. Zuk etxe bat nahi baduzu, ukendu horrekin ahal duzu etxe bat sortu. Zer bibrazio izango duen etxe horrek ukenduak hartuko du. Ukendu hori zure gorputzean ematen duzunean, zure etxeko bibrazioa ematen ari zara eta zu zeu ezberdin bibratzen hasten zara.
Afrikara bidaltzen dituzu ukenduak. Nola sortu zen aukera?
Amaia Alonso izeneko neska bat ezagutu nuen. Bera Afrikan ibiltzen zen laguntzen, Senegalen, eta erakusten zizkidan han izaten ziren zenbait kasu, oso larriak. Eta esan nion nik hori sendatu ahal nuela, eta emango nizkiola ukendu batzuk probatzeko. 2015ean eraman zituen lehenengoak, eta ikusten zuen zauri eta erredura larriak zituen jendeak, askotan horren ondorioz hiltzen zirenak, aukera zutela bigarren bizi bat izateko. Ukendua jarri eta hortik bi egunera sendatu egiten ziren, eta oso harrituta geratzen zen. Ordudanik hasi nintzen Afrikara bidalketak egiten. Amaetxeetan eta kaleko umeekin, talibeekin, lana egiten du. Ultzera baten bitartez ahal da sortu infekzio bat eta gangrena bat, eta horren bitartez pertsona hil egiten da. Nik Poztasunaren Ukendua deitzen diot, pertsonak bigarren aukera izaten duelako bizitzen jarraitzeko.
«Nik Poztasunaren Ukendua deitzen diot, pertsonak bigarren aukera izaten duelako bizitzen jarraitzeko»
Zer ukendu bidaltzen dituzu?
Erredurena, infekzioena eta minarena. Badaude kasuak, telebistan ere atera izan direnak; pertsona batek poste elektriko batekin gorputz guztia erre, saihetsak ikusten zirela geratu, eta galdetu zidaten zer egin zitekeen. Naturari galdetu, ukendua egin eta bidali nuen, eta hortik hilabete eta erdira lanean ari zen pertsona hori. Ikaragarria da ukenduek egiten dutena.
Elkartea ere sortu zenuten.
Jerejef izeneko elkartea sortu genuen, euskaraz «eskerrik asko» esan nahi duena. Sei pertsona inguruk sortu genuen Nafarroan, duela zortzi bat urte eta orain jende gehiago dago. Nik neurean jarraitzen dut: eskatzen dizkidatenean ukenduak, Senegalera bidaltzen ditut. Oraindik ez naiz bertan izan, eta aurki joan nahi dut. Nire asmoa da beraiei erakustea nola egin ukenduak, autonomoak izateko, eta ez daitezen zain egon hemendik noiz bidaliko.