Igandetik aurrera ekintza ugari izango dituzte Elduainen

Ataria 2024ko eka. 5a, 14:02

Elduaingo Udalak ekaineko kultur agenda antolatu du hila honetarako, eta hain zuzen, igandean izango dute lehena; Elgorriaga bainuetxera irteera eta bazkaria egingo dute.

Elduaingo herritarrek izango dute zertaz gozatu hila honetan. Izan ere, udalak kultur agenda antolatu du eta igandean abiatuko dute. Hain justu, 10:30etan, herriko plazatik abiatuta Elgorriagako bainuetxera irteera eta bazkaria egingo dute.

Bestetik, San Joan sua piztuko da ekainaren 23an, eta egun horretarako dantza ikasteko entseguak egingo dituzte, ekainaren 18an eta 19an, pilotalekuan. San Joan bezperan, berriz, festan murgilduko dira. Hain justu, Jon Plazaola aktore eta humoregileak 'Tum Tum Platz' bakarrizketa saioa egingo du, 18:00etan, Elizako teilatupean. 20:30etan, afari herrikoia egingo dute plazan, eta ondoren, 22:00etan, San Juan sua piztu eta dantzan arituko dira.

Ikastaro ugari

Irteera eta emanaldiez gain, ikastaro ugari ere izango dira aukeran. Esaterako, batetik, birziklapen, joskintza eta 3D inpresioko tailerra egingo dute. 9 urtetik gorako gaztetxoentzat egongo da zuzenduta eta bertan, plastikoa birziklatua eta teknika desberdinak erabiliz parte hartzaile bakoitzak bere kartera sortuko du. Guztira, hiru saio izango dira eta Kultur Etxean egingo dira: ekainaren 25ean, 16:30etatik 18:00tara; ekainaren 26an, 16:30etatik 18:00tara; eta ekainaren 27an, 16:30etatik 17:30etara. Tailerrak 10 euroko prezioa izango du eta ekainak 18a baino lehen eman beharko da izena udaletxean.

Bestetik, patinaje ikastaroa ere egingo dute uztailaren 1ean eta 5ean, 16:30etatik 17:30etara. Beñat Azurmendi Irristaka taldeko entrenatzaileak gidatuko ditu saioak eta 5 urtetik gorako gaztetxoentzat egongo dira zuzenduta. Ikastaroak 15 euroko prezioa izango du eta ekainak 18a baino lehen eman beharko da izena udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!