Aurtengo agintaldiko martxa hartua du Oihana Amundarainek (Amasa-Villabona, 1980). Talde berriarekin eutsi dio bigarrengoz alkatetzari, orain arte zintzilik geratu zaizkien proiektuak bukatzeko helburuarekin.
Bigarren agintaldiari heldu diozu. Zer moduz hasi duzu?
Ondo hasi dut, gustura. Aurreneko urtean hasi nintzenean oso galduta eta urduri nengoan, baina lau urte igaro ostean ikasi egiten duzu. Orain lasaiago nago gauzak nola diren jakinda. Gauza berriak beti etortzen dira baita nondik hartu ez dakizkizunak, baina aurten errazago ari naiz.
Zergatik erabaki zenuen kargua berriro hartzea?
Aurreko legealdian egin nahi nituen proiektu asko nituen buruan, eta horietako asko amaitzeko astirik ez nuen izan. Izan ere, aurreko legealdia oso arraroa izan zen, tartean pandemia tokatu zitzaigun eta gauza asko ezin izan genituen egin edo bukatu. Ilusioz aurrera atera nahi nituen proiektu asko eta herriarentzako egokiak iruditzen zitzaizkidan proiektu asko bertan behera geratu zitzaizkidan. Horiek guretik hasi zirenez, aurrera jarraitzeko erabakia hartu nuen, horiei berriro heldu edo martxan jartzeko helburuarekin. Beraz, ea orain taldean daudenak gerora ere jarraitzen duten, modu horretan gauzak errazago egiten baitira.
Taldekideak berriak dituzu. Zer moduz hasi dute beraiek?
Gauza asko daude agian ez dituztenak ulertzen, baina dagoeneko martxa hartuta, gogoz, ilusioz eta indartsu daude. Horrek asko egiten du.
Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?
Ondo esango nuke, azkenean Elduainen ez dugu oposiziorik izaten eta gu bakarrik aurkezten gara. Herritarren botoak jaso genituen eta oso gustura geratu ginen. Aurreneko aldian agian ez zaituzte ezagutzen eta orduan ez dakite nola egiten duzun lan. Orain, lau urte pasata, jende berdinaren edo gehiagoren botoa jasota zerbait ondo egin nuen seinalea izan da hori.
Zein proiektu nagusi dituzue lau urte hauetarako?
Lehendabizi, orain arte zintzilik genituen proiektuak bukatzea. Horietako bat errepideko obrak dira. gure eskariz Gipuzkoako Foru Aldundia ari da obrak gauzatzen, eta gu gainean gaude ea dena txukun eta ondo bukatzen den. Bestetik, gure helburua ostatua irekitzea da. Badirudi martxan dagoela eta martxa hartzen duen horri lagunduko diogu urte luzeetan jarraitu dezan. Hirigintzari dagokionez, bideak asfaltatzen eta txukuntzen gabiltza eta argiteria gehiago jartzen eta zona ilunak argitzen. Aurten, gainera, Ertotxe apaiz etxea erosteko aukera izan dugu. Salgai jarri zuen gotzaindegiak eta erosteko erabakia hartu genuen, beraz, horretan gabiltza. Nahiz eta bere garaian gotzaindegiarekin kontratu bat sinatu genuen etxebizitzak egiteko, herriari zerbitzu desberdinak eskainiko dizkion eraikina izatea erabaki dugu azkenean. Hori bai, oraindik ez dakigu zeintzuk izango diren zerbitzu horiek, baina horretarako izango dela behintzat bai. Gero, hausnarketa prozesu baten bitartez herritarren beharrak zeintzuk diren ikusi eta horiei erantzuteko zerbitzuak eskaintzen saiatu nahi dugu. Etxea oso handia da eta gauza asko egin ahal izateko aukera eman dezake. Datozen lau urteetan ekimen horrekin buru belarri egongo gara, eta nahiko lan izango dugula uste dugu.
Herri giroa sustatzen jarraituko duzue?
Kultura eta horrelako arloetan lehen bezala jarraituko dugu. Alegia, ahal den heinean, ekimen desberdinak egingo ditugu eta tailer edo ikastaroak eskainiko ditugu, bai gazte zein helduentzat.
Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntza beharrezkoa zaizue zuena bezalako udal txikiei. Nola ikusten duzu eskualde mailako kooperazioa?
Azkenean herri txikiak gara eta ondoko herri txikiekin harreman ona mantentzen saiatzen gara; zenbait gauzetarako indarra egiteko oso txikiak gara eta beti ere ondoko herriekin elkarlanean gauzak errazago ateratzen dira. Hor ere gerta daiteke guk inoiz egin ez dugun gauza bat gure aldameneko herriak eginda duela, eta harreman ona izanez gero beraiek ere bide bat ematen dizute, edo alderantziz. Kasu honetan alkateak ere ezagunak ditut lehendik eta harreman oso onak ditut. Gure ustez zenbat eta harreman hobea izan orduan eta hobea da.
Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?
Energiaren gaiarekin pixka bat beldurtuta gaude. Badakigu buelta eman behar diogula energia kontsumitzeko gaiari eta energia berriztagarriak behar ditugula. Bere garaian etorri ziren makro-proiektu eoliko horiekin pixka bat ikaratu ginen. Izan ere, gu herri txikia gara eta talka bisual handia izango litzateke. Beraz, horri ere buelta bat eman nahi diogu. Energia berriztagarriaren alde gaude eta berriztagarriak nahi ditugu. Adibidez, eguzki plakak jarrita ditugu, eta espero dugu aurten martxan jartzea.
Zein mezu zabalduko zenuke herritarren artean?
Aurreko legealdia hasi nuenean zabaldu nien mezu berdina edo antzekoa zabalduko nieke. Herriarentzako ari gara lanean eta herritarrek udaletxeko ateak irekita dituztela. Herria beraiek dira, azkenean, beraiek nahi duten hori edo proposatzen duten guztia ematen saiatuko gara, udalak ahal duen neurrian. Gu eskuzabalik gaude baina beraiek ere laguntzeko prest baldin badaude, azkenean kohesio bat egingo dugu. Ni herritarra naiz eta nire herriarentzako gauza onak nahi ditut, baina aldi berean, herritarrak ere gustura egotea nahi dut. Beraz, kolaborazio bat eta komunikazio bat eskatu nahi diet. Ez ikaratzeko udaletxera etortzean, udaletxeko ateak denentzat irekita baitaude. Herria denen artean eraikitzen dugu. Ni bat gehiago naiz eta hemen egotea tokatu zait, baina ateak zabalik dituzte nahi dutenean etortzeko.