Elduaingo ostatua irekitzeko arduradun bila jarraitzen dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 11a, 11:59

Hiru urte daramatza itxita herriko taberna bakarrak, eta bere ateak zabaltzeko garaia heldu dela dio Gorka Egia aholkulariak; asmo horrekin jarri dute errentan ostatua.

Pandemia aurretik itxi zituen Elduaingo ostatuak ateak, eta orduz geroztik ez dituzte berriro zabaldu. Hainbat saiakera egin dituzte tartean, horren adibide, duela hilabete batzuk Elduaingo Udalak lehiaketara atera zuela. «Berrikuntzak egin genituen, baina deialdia hutsik geratu zen, ez baitzen inor aurkeztu. Une honetan hasierako puntura itzuli gara, lehen fasera», adierazi du aholkulari lanetan ari den Gorka Egiak.

«Herri bat taberna gabe geratzen denean hanka motz geratzen da erabat», esan du Egiak. 250 biztanle inguru dituen herri txikia da Elduain, eta ostatua dute bertako taberna bakarra. Elkarte gastronomiko bat ere badute herrian, eta ostatua itxita egon den bitartean, elkarteak ostatuaren papera jokatu eta jokatzen ari dela jakinarazi du aholkulariak.

Hala ere, Egiak argi du: «elkarteak oso ondo funtzionatzen du baina taberna beste gauza bat da. Arratsalde batean trago bat hartzeko edota edozein ospakizun edo ostiral iluntze batean ogitarteko bat jateko aukera izan nahi dute herritarrek. Alegia, herritik atera gabe zerbait egiteko aukera, beraien artean biltzeko eta goxatzeko».

Egia Orendainen bizi da, eta bertan «martxa onean» urteak daramatzan ostatua dutela azaldu du: «Herritarrok badakigu ondo, ostatuko langileek merezitako oporrak hartzen dituztenean, eta ostatua hilabete itxita geratzen den horretan tristura handia geratzen dela herrian. Izan ere, ostatuak ere kanpoko jendea erakartzen du, eta hori gabe ez da giroa egoten».

Horregatik, pertsona «arduratsu» baten bila dabiltza, «negozio bat eramaten dakiena. Munduko tortilla patata onena egin dezakezu, baina gero ez badakizu tortilla patata horretatik irabaziak lortzen, salmenta behera joango da». Era berean, kozinatzeko formakuntza izan behar duela ere esan du Egiak, baita inguruko konpetentzia ezagutzen duena ere. «Ostatua hartzen duen pertsona zertan ari den jakitea nahi dugu, inguruan zer dagoen, zer falta den eta zer eskaini dezakeen jakitea. Herriko ostatu batean egon beharko lukeena egotea, alegia, bertan eskainiko dituen platerak etxekoak izatea».

Hainbat berrikuntza

Iaz hainbat berrikuntza egin zizkioten. Sukaldea berritu zuten, leiho eta ate berriak ere jarri zituzten, eta terraza bat ere egokitu zuten. Orain, beste hainbat berrikuntza txertatu dituzte eta ostatuko zerbitzuaz gain, denda ere gehitu diotela jakinarazi du: «Xarma handiagoa eman diogu lekuari. Sukaldea berria zegoen baina berriro margotu dugu, mahai gainak aldatu eta txukundu ditugu, errezel pare bat jarri, argiak aldatu eta dendan produktuak jartzeko armairu pare bat ere jarri ditugu, besteak beste. Lokalari maitasun pixka bat eman diogu eta herriko argazki zaharrekin apaindu dugu».

Elduaingo ostatua alokatzeko interesa duenak 150 euro ordaindu beharko ditu hilean, baina negozioa martxan jarri bitartean lehen sei hilabeteetan ez da kobratuko. Taberna bere ateak zabaltzeko prest dagoela aitortu du Egiak, «telebista berriaz gain, audio sistema berriak ere instalatu ditugu». Hala ere, ostatua irekitzeko ardura hartuko duen pertsonak negozioa martxan jartzeko lehenengo hilabeteetan «oinarri pixka bat» izan beharko duela esan du aholkulariak.

Harremanetarako

Izena eman edo informazio gehiago nahi dutenek, alde batetik, Egiarekin jarri beharko dute harremanetan 688 694 048 mugikor zenbakira deituta edo gorka@egia.eus helbidera idatzita, edo, bestetik, udalarekin jarri beharko dute harremanetan, bulegora joanda, 943 683 121 telefono zenbakira deituta edo udala@elduain.eus helbidera idatzita.

Behin izena emanda, baldintzetara gehien egokitzen den pertsona aukeratuko da. Horretarako, aukeraketa prozesua abiatuko dute, eta honek bi fase ditu. Galdetegi bat betetzea izango da lehena, non gainditzeko gutxienez 45 puntu lortu daitezkeen. Hori gaindituta, elkarrizketa izango da bigarren fasea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!