Erreportajea

Leitzarango burdinolarik zaharrena aurkitu dute

Leyre Carrasco 2023ko api. 13a, 07:59

Suediako laborategi batean egindako datazioen arabera, erromatarrak iritsi aurretik burdina lantzen zuten Leitzaran bailarako gune horretan.

Andoaingo Burdina Taldeak urteak daramatza Leitzaran bailarako ondare historikoa berreskuratzeko lanetan. Pauso txikiak ematen ari bada ere, aurkikuntza handiak egitea lortu du. Horren adibide egin berri duen azkena: Urlioko zepadiak. Hain zuzen, Leitzaran ibarrean, Urlion (Elduain), jarduera metalurgikoaren aztarnarik zaharrenak aurkitu ditu. Lan horren ondorioz, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egindako ikerketari esker, Leitzaran ibarreko haizeola zaharrenetako bat identifikatu ahal izan du.

«Oso zaharra zela iruditu zitzaigun, baina irudipenarekin bakarrik ezin genuen ezer lortu, datu enpirikoetara jo behar genuen» esan du Burdina Taldeko kide eta historialaria den Joxe Ramon Berrondok. «Burniaren tartean ikatza zegoela ikusi genuen, eta ikatz hori datatu zitekeenez, Suediako laborategi batera bidali genuen zepadi hori ikertu zezaten».

Hainbat zepa lagin bildu eta Uppsala Unibertsitatera (Suedia) bidali zituzten, eta horietako batzuk Karbono 14aren teknikaren bidez datatu zituzten. Urlion aurkitutako zepadi edo antzinako haizeola baten hondar horiek K. a. IV-II. mendeetan datatu direla ziurtatu du ikerketak, Bigarren Burdin Aroan, hain zuzen. «Horrek esan nahi du Leitzaran bailarako puntu horretan, erromatarrak iritsi aurretik, burdina lantzen ari zirela. Gipuzkoan baditugu beste toki batzuk, baina Leitzarango inguruan ez genuen halakorik. Beraz, bertako burdinolarik zaharrena topatu dugu», adierazi du historialariak.

Aurkikuntza horren arrastoa Olloki Aundi (Biskai) baserriko Luis Mari Barrutiari esker lortu zuten, ondoren, Luis del Barriok berretsia. Burdina Taldeak 2018an hasi zituen lanik garrantzitsuenak, Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak zuzenduta.

URLIOKO ZEPADIA

Urlioko parajean, Elduaingo udal-mugartean, zepadi handi bat baino ez da kontserbatzen gaur egun, beste eraikuntzarik gabe. Zepa horiek 25x18 metroko eremuan zabaltzen dira, Urlioko iturriko ur-korronte baten ondoan dagoen bizkar batean. Zepa kontzentrazio handienak goiko edo iparraldeko aldean (Urlio goikoa) eta beheko edo hegoaldeko aldean (Urlio behekoa) daude. Inguruan, burdin-minerala erauzteko hainbat gune daudela ere dokumentatu da, «eta ziur asko haizeolak egiteko erabiliko zen».

Haizeolak edo mendiko burdinolak, burdin-mea erabiliz burdin metalikoa ekoizten zen azpiegiturak ziren, eta labe batez edo batzuez osatuta zeuden. Meatze-aztarnategietatik eta ur-korronte txikiren batetik hurbil aurkitzen ziren. Labeetarako erregai gisa inguruko basoetan sortutako landare-ikatza erabiltzen zen. Labeetan ikatz- eta mineral-geruzak jartzen ziren, eta minerala murrizteko behar zen tenperaturara iristeko (1.100-1.200 gradutik gora), gizakiak mugitzen zituen hauspoen bidez airea presiopean intsuflatzen zen. Ondoren, urteko mailuen bidez lortutako burdin-masa landu behar zen, zepak eta ezpurutasunak kentzeko.

Haizeola horien aztarnarik garrantzitsuenak zepadiak dira, minerala murrizteko prozesutik datozenak. Urlioko zepadia, alegia, odoluste-zepak dira, beltzak eta urdinak eta gainazal arinak eta porotsuak dituzte. Tamaina oso aldakorra dute, zentimetro gutxi batzuetatik 25-30 cm-ra bitarte. Hala ere, Berrondok aitortu bezala, oraindik ez da aurkitu zepadi horiek sortu ziren labearen edo labeen hondarrik, eta «ziur» dago inoiz ez dituztela haizeola horiek aurkituko, beren arrastoa baizik. «Haizeolak erabili eta berehala desegiten ziren. Topatu genezakeen gauza bakarra haizeolek hartu zuten berotasun handiko puntuak dira, eta horrek ingurukoa non dagoen aurkitzen lagundu diezaguke».

Ikerketarekin aurrera

Historialariaren hitzetan, «oso litekeena da zepategiaren inguruan populazioren bat egotea, agian, gaztainondoa, oraindik aurkitu ez dena». Bestalde, Urlio inguruan burdin minerala ateratzen omen zen. Izan ere, Urlio antzinako komunikazio-bide batetik hurbil dago, egungo Leitza eta Urumeako portuak lotzen zituen bidea, eta Leitzaran eta Urumea arteko ur-banalerroaren muinoetatik igarotzen zen.

Hipotesiak hipotesi, proiektuari bide egiten jarraituko diotela jakinarazi du Berrondok. Hala ere, oraindik itxaron egin beharko dela esan du, «haizeola non zegoen eta haren historiaz gehiago jakiteko, ikerketa-prozesua luzerako joango baita».

 

Argazkiak: Xabier Cabezon

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!