Herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dute Elduainen

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 2a, 07:58

Bide segurtasuna hobetzeko errepideko bihurgunea zabalduko dute; eta irisgarritasuna bermatzeko udaletxeko igogailuaren obrari amaiera emango diote aurtengoan.

Azken urteetan martxan jarri dituzten hainbat proiektuekin lanean jarraitzen dute Elduainen. Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-2130 (Tolosa-Leitza) errepidean, Elduaingo zeharkabideko bihurgunean, autobus geralekuaren ondoan, eta 8. kilometroan dagoen bihurgunearen inguruan bide segurtasuna hobetzeko proiektua da horietako bat.

Oihana Amundarain Elduaingo alkateak aitortu duenez, «kargua hartu nuenean hau izan zen konpontzeko eskatu nuen lehen gauza». Izan ere, GI-2130 (Tolosa-Leitza) errepideko Elduaingo zeharkabideko 8. kilometroan dagoen bihurgunea estua da, eta, aldi berean, erradio txikia du. Ezaugarri horiek direla eta, ibilgailu astunek bertatik igarotzeko zailtasunak dituzte. Bestalde, Tolosara jaisteko autobus geltokia udaletxearen parean dagoen erreian dago eta ez dago bertara igarotzeko bidegurutzerik, ezta autobusaren zain egoteko tokirik ere.

«Azkenean, autobusa hartu behar duten erabiltzaileek udaletxe parean gelditzen dira esperoan, hor espaloi moduko bat baitago, eta autobusa azkeneko kurbatik jaisten ikusten dutenean, errepidetik korrika igarotzen dira autobusa hartzeko», kontatu du alkateak. Herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko xedearekin, proiektua martxan jartzea erabaki zuten, eta aurreko asteartean onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 137.235,01 eurokoa da, eta obra planean aurreikusitako egikaritze epea hamabi astekoa. Horri esker, zirkulazio-erraiak handitu ahal izango dituzte; bihurgunea 13,5 metroko erradioa izatetik 15 metro izatera igaroko da. Era berean, autobus geltoki berriak 15,5 metro luze eta 2 metro zabal den espaloi batez osatutako plataforma bat izango du, autobuseko erabiltzaileek lasai itxaroteko lekua izan dezaten. Herritarrak babesean egon zezaten, gainera, markesina moduko bat ere jarriko dute.

Horrez gain, bide segurtasuna hobetuko dute, udaletxetik autobus geltokirainoko zebrabide bat jarriz eta, horrekin batera, abiadura-muga 50km ordutik 30km ordura murriztuz.

Oraindik obrarekin hasi gabe badaude ere, «poliki poliki» aurrera doan proiektu bat dela aitortu du alkateak: «Ez daukagu obraren data zehatzik, baina honekin lanean laster hasiko direla espero dugu».

Irisgarritasuna bermatuz

Irisgarritasuna bermatzeko lanak ere ari dira egiten Elduainen, eta honekin lotutako obrak, ordea, badu amaiera data. 2021eko maiatzean hasi ziren proiektuarekin; igogailuari lekua egiteko artxibo eta harrera gelako guneak egokitu zituzten, eta arrapala ere eraiki dute, aparkalekutik hasita udaletxe sarrerara dijoana. Azken faseari ekin diote dagoeneko, eta igogailua jartzen hasi dira udaletxean.

Urdelar Biltokia dagoen solairutik udal bulegoak dauden solairuraino igoko da igogailua. Eraikinaren kanpoaldetik ari dira jartzen, udaletxearen fatxada batean. Azken fase honek hiru aste inguruko iraupena izango duela esan du alkateak.

Ostatuaren irekiera

Udalaren beste erronketako bat ostatuko tabernaren irekiera dela aitortu du Amundarainek. Bi urte daramatza itxita ostatuak, eta orain egin diren berrikuntzei esker udalak uda aldera berriz martxan jartzea du helburu.«Sukalde berria jarri da, lehio eta ate berriak eta terraza txiki bat ere egokitu diogu, terraza modura », kontatu du.

Iazko abenduan kudeatzaile izateko interesdunentzako izen ematea abiatu zuten, baina ez zen inor aurkeztu. Horregatik, prozesua berriz zabalduko dutela jakinarazi du alkateak , «ea norbait udara aldera martxan jartzea animatzen den, herriari bizi handia ematen baitio».

Nerabeen aisialdirako aukera berriak

Nerabeentzako aisialdirako aukera berriak sortzeko proiektua aurkeztuko dute Elduainen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak eta Elduaingo Udalak elkarlanean bultzatu duten proiektua izan da. 11 eta 16 urte bitarteko nerabeen sustapena indartzeko helburua duen proiektua dela azaldu du Oihana Amundarain alkateak: «Gazteak beraiek dituzten interesak eta beldurrak landuko dituzte horren inguruan dakien pertsona batekin, baina nerabeak izango dira zer egin nahi dutena aukeratu eta hori antolatuko dutenak».

Aisialdia lanerako erraminta bihurturik, eta nerabeen beharrei erantzunez, gainera, komunitatearekiko loturak sortu eta herriko dinamikak indartuko ditu Gaztematika proiektuak. Bi hezitzaile kontratatu dira horretarako, eta astean bi orduz elkartzea dute asmoa.

Nerabeekin lan egiten hasi aurretik, herritarrei aurkeztuko diete proiektua, eta horretarako bi aurkezpen egingo dira gaur, Elduaingo Kultur Etxean. Lehenengo aurkezpena 19:00etan izango da, eta guraso guztiei zuzenduta egongo da. Bertan, proiektuaren nondik norakoak azaldu, elkar ezagutu eta zalantza guztiak argitu ahalko dituzte. Bigarren bilera, berriz, 19:45etan hasiko da eta interesa edo parte hartzeko asmoa duten nerabeei zuzenduta egongo da, proiektua sakonago ezagutu dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!