Autobus geltoki berria jarriko dute Elduainen

Ataria 2023ko urtarrilaren 24a

Gaur onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-2130 (Tolosa-Leitza) errepidean, Elduaingo zeharbideko bihurgunean (autobus geralekuaren ondoan) eta 8. kilometroan dagoen bihurgunearen inguruan bide segurtasuna hobetzeko proiektua.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 137.235,01 eurokoa da, eta obra planean aurreikusitako egikaritze epea hamabi astekoa da. «Esku hartze txikia da, baina garrantzitsua herriarentzat”, azaldu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak. Sakondu duenez, GI-2130 (Tolosa-Leitza) errepideko Elduaingo zeharbideko 8. kilometroan dagoen bihurguneak erradio txikia du, eta, aldi berean, estua da. Ezaugarri horiek direla eta, ibilgailu astunek zailtasunak dituzte zirkulazioan kontrako noranzkoko ibilgailuak gurutzatzen dituztenean. Bestalde, Tolosarako autobus geltokia udaletxearen parean dagoen erreian dago eta ez du autobuseko erabiltzaileentzako tokirik.

Hau guztia dela eta, barruko aldean gain-zabalera bat sortuko dute, eta horri esker, zirkulazio-erreiak handitu ahal izango dituzte; bihurgunea 13,5 metroko erradioa izatetik 15 metro izatera igaroko da. Era berean, autobus geltoki berriak 15,5 metro luze eta 2 metro zabal den espaloi batez osatutako plataforma bat izango du, autobusetako erabiltzaileek lasai itxaroteko lekua izan dezaten. Horretarako, horma txiki bat eraiki beharko da, dauden lurrak biltzeko. Bide segurtasuna hobetu egingo dute, udaletxetik autobus geltokiraino zebrabide bat jarriko dutelako eta, horrekin batera, abiadura-muga 50 km/ordutik 30 km/ordura murriztuko delako. «Honek guztiak eragin positiboa izango du herriko biztanleengan. Herriz herri, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea xede duten ekintzak sustatzen jarraitzen dugu», gaineratu du Mendozak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!