Desfibriladorea jarriko dute Elduaingo udaletxean

Ataria 2022ko azaroaren 17a

Abenduaren 1ean jarriko dute desfibriladorea udaletxeko beheko solairuko atarian, eta egun horretan erabiltzen ikasteko prestakuntza saioa egingo dute 18:00etan.

Elduaingo Udalak desfibriladorea jarriko du udaletxeko beheko solairuan abenduaren 1ean. Bat-bateko bihotz geldialdi baten aurrean tresna horrekin berehala laguntzeak bizitzak salba ditzakeela gogorarazi du udalak eta horregatik hartu dute erabakia herrian jartzeko. Aparatua leku ikusgarri eta irisgarrian jarriko dute, udaletxeko behe solairuko atarian.

Abenduaren 1ean desfibriladorea erabiltzen ikasteko prestakuntza ikastaro bat eskainiko dute herritarrentzat, 18:00etan hasita. Ikastaroa borondatezkoa eta doakoa izango da, eta parte hartzeko izena eman beharko da azaroaren 28a baino lehen, udala@elduain.eus helbidera idatzita, 943 683 121 telefonora deituta edo 663 143 187 zenbakira whatsapp bat bidalita.

Udalaren ardura izango da desfibriladorearen mantenua, baina herritarrei «ekipoa errespetatzeko eta larrialdiak sortzen direnean bakarrik erabiltzeko» eskatu die udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!