Urriko kulturaldia aurkeztu dute Elduainen

Ataria 2022ko urriaren 14a

Urriaren 23 eta 31rako ikuskizun eta jarduerak antolatu ditu Elduaingo Udalak; urriaren 23an, esaterako, 'Errimak bi oinetan' dantza eta bertso emanaldia ikusteko aukera izango da.

Urriko azken bi asteburuetarako kulturaldia antolatu dute Elduainen. Urriaren 23an, gaztainak biltzera irteera egingo dute, plazatik 10:00etan abiatuta. Hamar urtez beherakoek heldu batekin joan beharko dutela adierazi du udalak. Arratsaldean, 18:00etan, Errimak bi oinetan dantza eta bertso emanaldia eskainiko du Haatik dantza konpainiak, pilotalekuan.

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute. 17:00etan hasita, Gau Beltzeko ipuinak kontatuko dituzte elizako atarian. Ondoren, beldurraren ibilbidean kalabazak bildu eta gaztaina jatea egingo dute. Mozorrotuta parte hartzeko deia egin dute, eta mozorroak etxean irudimenarekin sortutakoak izatea gomendatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!