Elduaingo festak ere heldu dira amaierara; arratsaldeko ekitaldiekin esango diete agur aurtengoei. Goizean, pilota partidak ikusteko aukera izan da frontoian, eta eguerdiko 12:00ak inguratu ahala, geroz eta herritar gehiago hurbildu da bertara; izan ere, hamaiketako ederraz gozatzeko aukera izan dute: sardinak, piperminak eta txistorra, txakolinarekin edo sagardoarekin lagunduta. Herriko gaztetxoek ez ezik, Tolosako Aurrera elkarteko pilotari gazteek ere jokatu dute, eta erakustaldi handia eskaini dute, gainera.
Julen Insaustik eta Odei Castrok jokatu dute gorriz; urdinez, berriz, Jokin Tolosak eta Aitor Goikoetxeak. Bikote urdina gorria baino hobeto hasi da, eta alde handia zabaltzea lortu dute markagailuan. Partidak aurrera egin ahala, gorriak gehiago hurbildu dira, eta aurretik jartzea ere lortu dute. Bazirudien gauzak oso estu izango zirela 18nako berdinketarekin. Azken lau tantoak, ordea, urdinek egin dituzte, eta azkenean, 22 eta 18 irabazi dute.
Arratsalderako, hiru ekitaldi antolatu dituzte elduaindarrek, zein baino zein erakargarriagoak. Hona hemen egitaraua:
- 17:00. Irene Caminos eta Javi Alonso: trial zirkuitua haurrentzat, eta ondoren, erakustaldia.
- 19:00. Txokolatada barrenak goxatzeko.
- 19:30. Zezenak eta poneyak.