Herrian mugimendua sortzeko ekitaldi sorta antolatu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 26a, 07:58

Ostiralean estreinatu zuen Katiuska taldeak ‘Armiarma’ obra, Elduainen.

Elduainen udaberriko kultur eskaintzaz gozatzen ari dira; emakumeen topaketekin hasi dira, eta horrez gain, hainbat ikastaro antolatu dituzte.

Elduainen maiatzaren 6an eman zioten hasiera kultur eskaintzari Emakumeen Topaketaren lehen saioarekin. Kultur arteko batasuna topaketa izan zuten, eta guztira lau topaketa egingo dituzte kulturaldian zehar. Topaketez gain, bada bestelako ekitaldirik ere. Agurtzane Belaunzaran da kultur dinamizatzailea eta herrian mugimendua sortzea guztientzako moduko ekitaldiak antolatzea dela helburua esan du.

Lehen ekitaldiarekin «ezusteko polita» izan zutela ekarri du gogora Belaunzaranek: «Uste baino emakume gehiago etorri ziren». Berrobin bizi den Esther Poveda izan zuten gidari eta ekialdeko dantzez aritu ziren. Beste hiru topaketa geratzen zaizkie, eta horiek ere erantzun ona izatea espero du, eta inguruko herrietatik gerturatu nahi izanez gero ere, ateak zabalik dituztela Elduainen esan du Belaunzaranek.

Bigarrenean, esaterako, euskaraz eta txineraz irakurriko dute ipuin bat eta horretarako gonbidatu txinatar bat izango dute. Topaketa ondo borobiltzeko jatekoa baliatuko dute, eta Asiako gastronomia probatuko dute. Hirugarren topaketarako sexualitatean aditua den gonbidatua izango dute, eta sexualitateaz eta autoezagutzaz ariko dira: «Adin txikietatik hasi eta hil bitarte, sexualitateak ez baitu adinik». Ipuin erotiko bat kontatuko zaie bertaratzen direnei, eta bukatzeko merienda «gozo-gozo eta pikante-pikante bat» egingo dutela aurreratu du.

IKASTAROAK ERE BAI

Iaz egin zuten patinaje ikastaroa, eta erantzun «oso ona» izan zuela adierazi du: «Inguruko herrietatik ere etorri ziren gaztetxoak patinatzen ikastera, eta guretzat hori sorpresa izan zen». Aurten errepikatzea erabaki dute, eta gazte zein helduei zuzenduta dago. Lau eguneko iraupena izango du.

Xilografia ikastaroarekin berriz sormena jarri nahi dute martxan. Oihana Ugarte izango da irakaslea, eta antzinako teknika ikasteko aukera izango dute. «Bost ordutan ezin da gauza handirik egin, baina xilografiarekin lehen harremana izan eta zer den ikusteko aukera izango da», kontatu du Belaunzaranek.

Kimua dantza taldeak Elduain ere bisitatuko du genEroa ikuskizunarekin: «Emanaldi polita izateaz aparte, mezu askokoa da», dio antolatzaileak.

Horiez gain helduentzako gimnastika eta pilates klaseak jarri dituzte martxan, eta guztira 20 pertsona dituzte apuntatuta. «Horrek esan nahi du bazegoela beharra mugitzeko, elkartzeko eta barre egiteko ere».

UDABERRI KULTURALDIA
  • Hilak 27, ostirala
    • 18:00-20:00. Emakumeen Topaketa II. Nü Shu: Txinako emakumeen antzinako idazkera sekretua. Kultur etxean.
  • Ekainak 3, ostirala
    • 18:00-20:00. Emakumeen Topaketa III. Sexualitatea emakumeengan (autoezagutza edozein adinetan). Doan izango da kultur etxean eta izena maiatzaren 31 baino lehen eman beharko da.
  • Ekainak 11, larunbata
    • 18:00. Dantza emanaldia Kimua dantza kolektiboaren eskutik: genEroa, plazan.
  • Ekainak 17, ostirala
    • 18:00-20:00. Emakumeen Topaketa IV. Emakumea eta natura: sua, ura, itsasoa eta haizea. Doan izango da kultur etxean, eta izena ekainaren 15a baino lehen eman beharko da.
  • Ekainak 13, 14, 16 eta 17
    • 16:15-17:15. Patinaje ikastaroa izango da, eta interesatuek izena ekainaren 8a baino lehen eman beharko dute. 15 euro ordaindu beharko da.
  • Ekainak 4 eta 11
    • 10:00-12:30. Xilografia ikastaroa (linoleo gainean) egingo dute Intzenen. Izena emateko azken eguna ekainaren 1a izango da. 16 urtetik gorakoei zuzendua da, eta 30 euroko kostua izango du.

      Oharra. Izen emateak udaletxean egin beharko dira edota Whatsapp bidez 663 143 187 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!