ELKARRIZKETA

«Askok pentsatuko dute organoa jotzea, frikia izateaz gain, oso zaila dela»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 21a, 07:57
Elduaingo elizan ez ezik, Oñatiko Arantzazuko santutegian ere jotzen du organoa Garikoitz Goikoetxeak. J. A.

Amonaren anaiak jotzen zuen organoa Elduaingo elizan. Hari ebakuntza bat egin behar ziotela eta, 13 urterekin jo zuen lehen aldiz Garikoitz Goikoetxeak (Elduain, 1989) organoa. Herrian ez ezik, herritik kanpo ere jotzen du, eta oso zaila egiten zaio jasotzen dituen eskaerei ezezkoa ematea.

Oso gazte hasi zen Garikoitz Goikoetxea Elduaingo elizan organoa jotzen, eta gaur egun, Oñatiko Arantzazuko santutegian ere jotzen du; gainbeheran doan ofizioa izan arren, «gozatu» egiten duela aitortu du.

Nola heltzen da bat organo-jotzaile izatera?

Nire kasuan, bi aldagai uztartzen dira. Batetik, Tolosako musika eskolan piano ikasketak egin nituen. Bestetik, nire birraitona eta nire amonaren anaia organistak ziren Elduaingo elizan. Herri askotan ez dago organoa jotzen duen inor, baina Elduainen kasuan beti egon da norbait; azken hamarkadatan, gainera, gure familiako senideak izan dira organo-jotzaileak. Halako batean, amonaren anaiari ebakuntza egin behar ziotenean, egoerak hala behartuta, organoa jotzen hasi nintzen. Ebakuntza egin ondoren, amonaren anaiak ere jarraitu zuen organoa jotzen, eta bion artean aritzen ginen, baina gaur egun ni bakarrik aritzen naiz.

Zenbat urte zenituen orduan?

13. Birramona zenak sarri hala esaten zidan: «Hi gazte hasi hintzen, baina hire birraitona gazteago». Hura 11 urterekin hasi zen organoa jotzen.

Birraitonak, organoa ez ezik, soinua ere jotzen zuen. Birramonak, beraz, senarra, semea eta birloba ezagutu zituen organoa jotzen. Deskuiduan, elizkizun batera hiruretako inor joan ezin bazen, oso gaizki pasatzen zuen, buruari ezartzen zion arduragatik. Elizkizun bat zegoenean, organoa jotzea etxeko obligazio bat zela sentitzen zuen; kezka hori izaten zuen.

Aurrez pianoa jotzen ikasi zenuela esan duzu. Bietatik, zein instrumentu da errazagoa?

Gaur egun esango nuke organoa jotzea errazagoa zaidala, urteak direlako pianoa jotzen ez dudala. Bataren eta bestearen artean, ordea, badira desberdintasunak. Organoak pedalak ditu, eta hatzekin ez ezik, oinekin ere jo behar da, batez ere ezker oinarekin. Hori esango nuke dela zailtasun handiena. Bestetik, konplexua da baita ere organoak dituen soinu-tinbre edo erregistroak ondo maneiatzen jakitea. Pianoak ez duen abantaila bat ere badu: bolumena edo intentsitatea, tekla suabeago edo indartsuago zapaldu, berdina dela; organoaren azpialdean dagoen pedal batek markatzen du bolumena altuagoa edo baxuagoa izatea.

«Hasieran oinak ez zitzaizkidan pedaletara heltzen, eta hatzekin soilik jotzen nuen»


Eta hasierako urte haietan, noizbait pentsatu zenuen gaur egun jotzen jarraituko zenuela?

Ez. Egoerak hala behartuta hasi nintzen. Gainera, hasieran, hatzekin soilik jotzen nuen organoa, oinak beheko pedaletara ez zitzaizkidalako heltzen. Denborak aurrera egin ahala, jotzen jarraitu nuen, eta azkenean ikasi nuen oinekin ere jotzen. Ia hogei urte daramatzat organoa jotzen.

Zer behar da 'organista' izateko?

Abesti gehienak partiturarekin jotzen ditut. Hala ere, beharrezkoa da pianoa edo teklatua jotzen jakitea, baita belarri ona izatea ere. Beste norbait kantuan ari denean jo ohi dugu organoa, eta askotan tokatzen da ezagutzen ez duzun apaizen batekin aritzea. Kantuan hastean, akaso ez da ohiko tonuan hasten, eta lana izaten da bere tonua harrapatzea organoarekin. Urteek aurrera egin ahala hobetzen da teknika hori, eta organo batzuek, gainera, badute abantaila bat: transposiziorako botoiak izaten dituzte, tonu aldaketetarako.

Elduaingo elizan soilik aritu izan zara?

Esan daiteke hau dela nire destinoa. Hala ere, beste herri batzuetara joatea egokitzen zait tarteka, Berastegira eta Berrobira, batez ere.

Nolako organoa da Elduaingo elizakoa?

Oso organo txikia da. Ez dut uste eskualdean hau bezain organo txikirik dagoenik; Euskal Herrian gutxi izango dira hau bezain txikiak edo hau baino txikiagoak. Teklatu bakarrekoa da, sei erregistro edo soinu-tinbre bakarrik ditu, eta beraz, izango dira ikasteko hau baino organo zailagoak. Tolosaldearen kasuan, herri txiki askotan dago organoa, eta hori, Euskal Herrian nahiz bertatik kanpo, ez da batere ohikoa.

 

«Arantzazuko organoa ikusgarria da; hiru teklatu eta hirurogei erregistro ditu»



Txikia izateaz gain, gaztea ere bada, ezta?

1931ko organoa da, eta gutxi izango dira berriagoak eskualdean. Istorio bitxi bat ere badu. Berez, ez zen eliza honetarako. Amezua etxeko organoa da, Euskal Herriko asko bezala, eta Bartzelonako komentu batera eraman behar zuten. Hala ere, arazoren bat izan zuten. Akaso ez zuten behar adina diru bildu, edo auskalo, bizilagunen bat ohartu izango zen nonbait organo bat sobran zegoela, eta hona ekarri zuten. 12.000 pezeta ordaindu zituzten herritarrek orduan.

Noiz jotzen duzu organoa?

Ohikoez aparte, batez ere bi elizkizun mota izaten dira: hiletak eta ezkontzak. Hiletak gehiago ezkontzak baino. Halakoetan tokatu izan zait beste herri batzuetara ere joatea. Ahoz ahokoa ere izaten da askotan, eta maiz deitu izan didate organoa jotzera joateko. Hiletetan, ingurukoren bat edo lagunen baten senidea hiltzean, saiatzen naiz jotzen.

Orain, gainera, Arantzazuko santutegian (Oñati) ere jotzen duzu, ezta?

Bai. Kasualitate bat baino gehiago uztartu dira. Arantzazun bertan senide bat genuen, aitonaren familiakoa: Juan Zelaia orexar frantziskotarra. Arantzazun bizi zen eta duela gutxi hil zen. Umea nintzenetik harremana izan dut Arantzazurekin; askotan joan izan gara, baina nire kasuan, mezan esaten zutena baino interesgarriagoa zen bertan entzuten zen musika: organoa, abesbatza... Korura igotzen nintzen, organoa nola jotzen zuten ikustera. Instrumentu hura ikusgarria da; hiru teklatu eta ia hirurogei erregistro ditu.



Garai hartan, Jose Luis Zurutuzak jotzen zuen, eta Pello Zabala aldarean egoten zen. Zurutuzak errieta egiten zidan behin baino gehiagotan, aldarera begiratu behar nuela esanez. Urteek aurrera egin ahala, Zurutuza gaixotu egin zen, eta Pello hasi zen organoa jotzen; haren ondoan ere egoten nintzen. Aurrerago, Pello ere gaixotu zen, eta orduan, ospakizun batzuetan hara joan eta organoa jotzea egokitu zitzaidan. Aurrez, Juan Zelaia senidearen heriotza gertatu zen, eta Arantzazuko nagusiari baimena eskatu genion hiletan organoa jotzeko; nik jo nuen elizkizun hartan. Joan den otsailean, berriz, Pello zendu zen; denbora zeraman gaixo, baina ezustean harrapatu gintuen. Haren hileta elizkizunean eta hurrengo batzuetan organoa jotzen aritu izan naiz. Orain, hala ere, Mikel Santiago fraidea ari da Arantzazun organoa ikasten, eta gaur egun, igandeetan bera aritzen da; ni zenbait elizkizunetan joaten naiz, laguntza modura.

 

«Gipuzkoako organo-ondarea Europako handienetakoa da»



Eguneroko lana da zurea, ala soilik egun jakin batzuetakoa?

Baldin eta zein aldetatik begiratzen duzun. Oporrak egin behar ditudanean, ez dut arazorik izaten oporrak egiteko. Hileten kasuan, oso zaila egiten zait jasotzen ditudan eskaerei ezezkoa ematea; beti ez da posible izaten, baina beste konpromisorik ez badut, jotzera joaten naiz. Jendea esker onekoa izaten da, eta familia askok garrantzia ematen diote hiletako musikari.

Eta nolako esperientzia da?

Askok pentsatuko dute organoa jotzea, frikia izateaz gain, oso zaila dela. Bada, ez dakit. Niri behintzat trikitia jotzea ez zait errazagoa iruditzen, hauspoa zuk maneiatu behar duzulako. Organo handien kasuan, zure esku izaten duzu orkestra oso bat, sokazko nahiz haizezko instrumentuen erregistroak izaten dituztelako, eta beraz, nahi adina konbinazio egiteko aukera ematen dutelako. Ondorioz, orkestra batera gehien gerturatzen den instrumentua da.

Elizan, gainera, ezkutuan dagoen norbait izaten da organo-jotzailea.

Bai. Bikotekidearekin oporretara joan eta eliza batera sartzen garenean, bera beti geratzen da aurrera begira. Nik, berriz, pauso batzuk aurrera egin eta atzera begiratzen dut.

Mila saltsatan aritzen zara. Hala ere, askok ziur ez zutela zure alderdi honen berri.

Inguruko denek jakingo dutelakoan nago, eta ez dakitenek, orain jakingo dute. Herri batzuetan, organista esanda ezagutzen naute.

Ezohikoa da organoa jotzea, batez ere Elizari oso lotua dagoelako. Gain behera doa, oso nabarmen. Gainera, ikasteko eskaintza ere oso urria da. Nik pianoa ikasi nuen Tolosan, eta gero autodidakta xamarra izan naiz.

Gustura aritzen zara?

Bai, bestela ez nintzateke arituko. Gozatu egiten dut.

Jarraitzeko asmoa duzu?

Ez dut uste urte asko geratzen zaizkidanik. Ez zait iruditzen 15-20 urte barru herri askotan elizkizunik izango denik; apaizak faltako dira, baita herritarrak ere, eta beraz, sobran egongo gara. Horri lotuta, badut kezka handi bat: zer gertatuko da elizetako ondare artistikoarekin? Nor egingo da horren kargu? Gure organo ondarea oso garrantzitsua da. Eta uste dut nabarmendu behar dela kontu bat: ondare hori herriarena da, eta hari dagokio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!