Igogailua jartzeko lanak egiten ari dira Elduaingo udaletxean

Irati Saizar Artola 2022ko ots. 16a, 19:00

Igogailua jartzeko obrak amaitzean, aparkalekutik Kontzejua dagoen solairura arranpa bat egokituko dute; horixe da 2022ko aurrekontuan jaso duten proiekturik nagusiena.

Irisgarritasuna bermatzeko lanak egiten ari dira Elduaingo udaletxean. Iazko maiatzean hasita, artxiboa eta harrera gelako gunea egokitu zituzten, igogailuari lekua egiteko, eta hasi dira dagoeneko igogailua jartzeko lanetan. Lehen fasea amaituta, bigarrenarekin ari dira orain, eta urte honetan, hirugarren eta azken fasea ere egin nahi dute: arranpa bat egokituko dute, aparkalekutik hasita udaletxe sarrerara joango dena.

Urdelar Biltokia dagoen solairutik udal bulegoak dauden solairuraino igoko da igogailua. Eraikinaren kanpoaldetik ari dira jartzen, udaletxearen fatxada batean. Fase horrek lau hilabete inguruko iraupena eta 120.000 euro inguruko kostua izango duela esan du Oihana Amundarain Elduaingo alkateak.

Hirugarren eta azken fasearekin igogailua jarri bezain pronto hasiko dira. Arrapala bat egokituko dute, aparkalekutik udaletxe sarrera dagoen solairura. "Legeak hala eskatzen du, eta bi metroko zabalera izango du bideak. Horrela, zuzenean udaletxera, Kontzejura, haur eskolara edota frontoiko bidera iristeko aukera erraztuko zaio herritarrari", azaldu du. Izan ere, berez badago bidexka bat, baina tartean eskailerak ditu. Aparkalekuan ere bide bat egokituko dute, oinezkoentzat, kotxera segurtasunez hurbiltzeko. Amundarainek esan duenez, hauxe izango da aurrekontuaren zatirik handiena hartuko duen proiektua, 135.000 euro inguruko kostua izango duelako.

Denda jartzeko proiektua

Urtarrilaren 31n egindako plenoan eman zioten hasierako onarpena aurtengo aurrekontuari. Denera, 536.289 euro izango dituzte urte honetan erabiltzeko. Udaletxeko obrez gain, badu beste erronka bat udalak: Kontzeju taberna berriro martxan jartzea.

Bi urte itxita darama lokalak, eta "buelta bat" eman nahi diote proiektuari, alkateak esan duenez. "Leiho guztiak aldatuko ditugu eta sukaldea berrituko dugu". Behin hori eginda, lizitazioa atera eta uda alderako norbaitek ardura hartu eta martxan jartzea nahi dute.

Horrez gain, Kontzejuan denda txiki bat jartzea ere bada asmoa, "bertako produktuekin". Eta hori kudeatzeko ardura, kudeatzaile berriak izango luke. "Herrian bertan nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen diren herritarrak ditugu eta akordio batzuen bidez zerbitzu txiki bat eskaini nahiko genuke". Oinarrizko produktuak jarri nahi dituzte, besteak beste, ogia, barazkiak, fruta, eta baita iraungipen luzeagoa duten beste hainbat produktu ere. "Horrela, taberna eta jatetxe zerbitzuaz gain, herriarentzat denda zerbitzu bat egongo da prest".

Igogailuaren obran, Kontzejua dagoen solairuan, plataforma bat egokituko dute aparkaleku aldera, eta taberna zerbitzuari terraza bat jartzeko aukera emango dio horrek. "Bezeroentzako hiruzpalau mahai jartzeko lekua eskainiko du, baina ikusgarritasuna ere emango dio taberna zerbitzuari, errepidetik hain gertu egonda, jendeak errazago identifikatuko duelako taberna bat dagoela".

Aurrekontuaren beste zati bat herriko segurtasunak eramango du. Herriko bideetan abiadura murrizteko eta ikuspena hobetzeko badenak eta ispiluak jarriko dituztela azaldu du Amundarainek. Lehenik, udalekoek identifikatu zituzten "puntu arriskutsuenak" izan zitezkeen guneak, eta ondoren, herritarrei galdetu zitzaien ea beste guneren bat identifikatzen ote zuten. Proposamenak jasota, urte honetan zehar dituzten egitekoetan kokatu dute proiektua.

Energia komunitatea

Elektrizitatearen prezioaren igoerak kezkatuta, Next Generation programako diru laguntzen bidez, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari diren eguzki panelen inguruko proiektuan ere sartuta daudela kontatu du alkateak. "Diru laguntzak etortzen badira, komunitate energetikoa sortuko genuke, Orexan egin zuten moduan".

5.000 biztanletik behera dituzten herriekin egindako bileran hartu zuen parte Elduaingo Udalak, eta proiektuak onartu zain daude orain, obra egin ahal izateko. Zehaztu duenez, aurrekontutik aparte doan proiektua da honakoa, "diru laguntzen arabera egingo dena".

Energia komunitate bat sortu ahal izateko, baldintza batzuk jarri zaizkie udalei: udalak bere eraikin bat utzi behar du 25 urtetarako eguzki panelak jarri ahal izateko; komunitate energetiko bat sortu behar da, hau da, sortutako energia herriari banatu behar zaio, ezingo da bakoitzaren kontsumorako erabili, eta azken baldintza da auto elektrikoak kargatzeko puntu bat egokitu beharko dela herrian. Udalak utzi beharreko eraikinaren kasuan, azterketa bat egin dute, eta lekurik aproposena pilotalekuko teilatua dela zehaztu dute.

Proiektua aurrera badoa, hurrengo pausoa gaiaren inguruan herritarrei informazioa ematea izango dela esan du Amundarainek. "Energia komunitatearen kontua zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko diegu".

Proiektua eskuartean

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin ere ari da lanean Elduaingo Udala. "Denbora daramagu honekin lanean eta dagoeneko proiektu guztia prestatuta dago; parte hartze prozesuarekin hasi nahiko genuke urte honetan". Herritarrei aurkeztuko dizkiete gertatuko diren aldaketak, eta erreklamazioak jartzeko, kontsultak egiteko edota zalantzak argitzeko prest izango dira udalean. Prozesu legalarekin jarraituko dute, eta Amundarainek esan duenez, azken onarpena lortu arte bi urte inguru pasa daitezke oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!