Elduainen atxilotu dute lapurtutako auto batekin istripua izan eta ihes egin ondoren

Ataria 2021eko abenduaren 28a

Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu du bart GI-2130 errepidean, Elduain inguruan, Andoainen auto bat lapurtzea leporatuta. Gizonak istripua izan du lapurtutako autoarekin.

Atzo 22:30ak aldera Ertzaintza GI-2130 errepidera, Elduain ingurura, bertaratu zen istripu bat izan zelako. Autoa bidean iraulita zegoen. Ertzainak gerturatzean ikusi zuten istripua izan zuen pertsona oinez ihes egiten ari zela.

Segurtasun sailak esan du, gertaera ikertu ondoren egiaztatu dutela istripua izan zuen ibilgailua ordubete lehenago lapurtu zutela Andoainen eta gidariak ez zuela gidabaimenik. Gizona atxilotu eta Tolosako anbulatoriora eraman zuten zauri arinak tratatzera eta ondoren Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten. Atxilotuari ibilgailua lapurtzea eta gidabaimenik izan gabe gidatzea leporatu diote, eta isun administratiboa jarri diote bere gauzen artean hainbat substantzia zituelako. Tolosako Guardiako Epaitegira eraman dute gaur goizean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!