Iraileko Kulturaldia antolatu du Elduaingo Udalak

Ataria 2021eko irailaren 8a

Argazki estudio ibiltaria, zirku antzerkia eta Et Incarnatus orkestraren kontzertua izango dira, gaurtik igandera bitartean

Elduaingo Udalak Iraileko Kulturaldiaren barruan ekitaldiak antolatu ditu herritarrentzat datozen egunetarako eta doan. Aurten ez da herriko festarik izango, baina gaur hasi eta igandera arte hainbat ekimen izango dira. «Zuen gustukoa izango delakoan guk lanean jarraituko dugu urtea kultur ekitaldiz betetzeko», esan dute udal arduradunek.

Gaur herritarrek erretratuak eta familia argazkiak egiteko aukera izango dute goiz nahiz arratsaldez herriko plazan. Larunbatean, berriz, Baldin Bada ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute 18:00etatik aurrera. Zirku antzerkia plazan eskainiko dute eta gonbidapenak udaletxean eskuratu beharko dira aldez aurretik. Igandean, amaitzeko, Et Incarnatus orkestraren kontzertua izango da. Herrian egokitutako aparkalekuetan autoa utzi eta oinez kilometro batera dagoen Sales baserriko belardian eskainiko dute emanaldia 17:00etatik aurrera. Euria bada kontzertua elizara aldatuko dutela esan dute udal ordezkariek. Elduaindarrek lehentasuna izango dute emanaldira joateko eta gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira udaletxean tokia ziurtatzeko. Emanaldian, orkestrako kideekin batera musikari gonbidatuak ere arituko dira: Iñaki Dieguez, Gorka Benitez eta Xabier Berasaluze Leturia.

IRAILEKO KULTURALDIA

Irailak 8, gaur
10:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00. Argazki estudio ibiltaria plazan.

Irailak 11, larunbata
18:00. Zirku antzerkia plazan. Baldin Bada ikuskizuna. Gonbidapenak udaletxean eskuragarri.

Irailak 12, igandea
17:00. Et Incarnatus taldearen kontzertua Saleseko belardi aurrean. Eguraldi txarra bada elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!