Erreportajea

Bidaiatzeko beste modu bat

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2021ko uzt. 22a, 19:59

Bi gazte boluntario frantziarrak, Eneko Imazekin.

Elduaingo Allanegi baserrian ostatu hartu dute hainbat bidaiarik lana eta ostatuaren arteko elkartrukean; Workaway plataformaren bidez hilabete inguru egongo dira eskualdean.

Udarak opor usaina izaten du eta bidaiatzeko sasoia da askorentzat. Oporrak opor, bidaiak bidaia, modu ezberdinetan egiteko aukerak badira; Mediterraneoan hortzaz gora hondartzan etzanda, Aralarren Gaztaren ibilbidea eginez, itsasoz bestalde, txirringan Euskal Herriko mugetan barna, astoa bidelagun hartuta, merke, garesti... Zenbat buru hainbat aburu ditu bidaiak ere.

Sarean badira bidaiatzeko beste modu bat eskaintzen duten plataforma ugari. Elkartrukea izaten dute ardatz gehienek eta Elduaingo Allanegi baserrian badute esperientzia horretan.

Baratze ekologikoaren arduraduna da Eneko Imaz Amiano eta Workaway.info (kanpoan lana) webgunean izena ematea erabaki zuten duela lau urte inguru; «orduz gero berrogeita hamarren bat boluntario» pasa direla azaldu du Imazek.

Urte guztian jaso daitezke boluntarioak, hartzaileak hala nahi izanez gero. Allanegiko familiaren kasuan udaran izaten dute lan karga handiena baratzeko lanetan, baserrian hala ere «urte guztian zer egina» badela aitortu du Imazek eta boluntarioak normalean lanaren arabera etortzen dira Elduainera.

Plataforma honen bidez edozein motako lanak egin daitezke: haurrak zaindu, baratzezaintza, abeltzaintza, etxea zaindu nagusiak kanpoan diren bitartean, etxearen mantenua dela margotuz edo paretak berrituz edo ingelesa erakutsi etxeko gazteenei.

Aukera zabalak ditu eta jende asko dabil boluntario lanean ostatuaren truke munduan zehar. Allanegitik ere, mundu zabaleko jendea pasa da «New Yorkeko hiritar peto-petoak, japoniarrak, baserrian eskarmentua duen jendea, nora datorren arrastorik ez duena...» gogoratu du Imazek, baina orokorrean «oso esperientzia ona eta aberasgarria» dela dio. «Ez da eskulan profesionala bilatzen, Aurreikuspen handia ere ezin da izan eta berehala konturatzen naiz norainoko lana eman dezakedan», esperientziatik dio Imazek.

ELKARTRUKE KULTURALA

Aipatu bezala, plataforma horien helburua elkartruke kulturala egitea da. «Webgunean oso argi dator hori, boluntarioak ez datoz doako lana egitera» azpimarratu du sarritan Imazek; «lanaren truke ostatua eta mantenua jasotzen dute eta horrek norbait zure etxean sartzea dakar, zure intimitatean eta kasu egin behar zaie, ez da hona etorri, lana eginarazi eta agur motel!».

Ostalariak eta boluntarioak aurretiazko komunikazioaz hitzarmen moduko bat egiten dute, zein lan egin beharko duten zehaztuz, ordutegiak, atseden egunak eta abar… Imazek argi eta garbi utzi du: «Azken batean ez da eskulan merkea eta boluntarioentzako ere ez dira opor merkeak».

Bizikidetza eta kultura ezberdinak nahasten dira gehienetan esperientzia hauen bidez. Boluntarioek tokian tokiko ohiturak, kultura eta lekuak ezagutzea dute xede eta ostalariek berriz, munduaren berri, bertatik bertara ezagutzea.

Lana eta ostatuaren elkartruke horren batuketak, elkartruke kulturala du emaitza. Ingelesa izaten da gehienetan komunikatzeko hizkuntza eta Imazek eta familiak abagune hori «ingelesa praktikatzeko eta entzumena lantzeko» aprobetxatzen dute. Gastronomia ere ohiko gaia izaten da hizketaldietan eta munduko platerak dastatzeko aukera izan dute zenbaitetan Allanegin. «Beti hitz egiten da gastronomiaz eta gertatu izan zaigu boluntarioek beren herrialdeko plateren bat prestatzea, eta hau ere elkartrukea da» esan du baratzezainak.

Euskal Herriari eta euskarari buruz hitzegitea gehienetan egokitu zaio; «askok ez daukate gure berri, bagarenik ere ez! Espainiara iritsi direla uste dute eta nora etorri diren azaltzen diet beti eta euskararen berri eman».

FRANTZIAKO BI BOLUNTARIO

Une honetan Nekazaritza Ingeniaritza ikasten ari diren Frantziako bi emakume daude Allanegin, Alix de Rotalier eta Alix Tassin.

Workaway plataformako kide egin ziren. 40 euro ordaindu behar direla bertan sartzeko azaldu dute eta beraien ikasketekin lotura zuen ostalaria bilatu eta harremanetan jarri zirela Imazekin.

Batak hilabete eta besteak hilabete eta erdi egingo du Elduainen. Frantziako Unibertsitateek ikasleak atzerrian lana egitera bultzatzen dituzte eta Imazek bi emakume hauen lana baloratu beharko du amaieran.

Rotalierrentzat ez da lehen esperientzia boluntario gisa, pasa den urtean Irlandan, esne behien ustiategi batean hilabete egin zuela azaldu baitu. Berak eman zion ikaskideari, Tassini, plataforma horren berri eta biak etorri dira esperientzia berri bat gozatzera Elduainera eta bide batez, unibertsitateak eskatzen dien egonaldia osatzera.

«Oso oso gustura» daudela hainbat aldiz errepikatu dute, Allanegiko kaskotik Elduaingo ikuspegiari begira dauden bitartean. «Egin beharreko lanak oso argi esplikatzen dizkigu eta ez du zalantzarako tarterik uzten gauzak nola egin behar diren horretan, esperientzia handia du ostalari gisa» diote biek.

Egun hauetan «belar txarrak kentzen, oilategiko azpiak ateratzen eta ilar landare lehorrak saretik askatzen» aritu dira. Tolosako merkatua ezagutzeko parada ere izan dute, Imazek bertan jartzen baitu postua eta «txunditurik» geratu dira «ekoizle txiki asko» ikustean.

INGURUA EZAGUTZEKO AUKERA

Denbora librean inguruak ezagutzeko parada izaten dute, hasi Euskal Herriko hirietatik eta Tolosaldeko txokoetaraino, Elduako paseoak ahaztu gabe. Bidaiari klasiko batek nekez ezagutuko lituzkeen bazterrak ezagutu dituzte. Biak hala biak bat datoz, «toki eta kultura berriak ezagutzeko aukera ezin hobea» dela iriztean. «Azken batean bertako familiekin egoten gara, mahai inguruan jaten, hizketan, nola bizi eta pentsatzen duten ikusten eta asko ikasten da horrela».

Egonaldien ostean, balantze bat idazten dute bai boluntarioek eta baita ostalariek ere. Abuztuaren amaiera aldera arte geratuko da Rotalier Elduainen.

Allanegin momentuz bera izango da aurtengo azken boluntarioa. Workaway bezalako plataformetan ordea mundu zabalean elkartrukea egin nahi duen jenderik ez da falta. Bidaiatzeko modu ezberdin eta aberatsa, zalantzarik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!