Kontzeju taberna lehiaketa bidez esleituko du udalak

Ataria 2021eko maiatzaren 18a

Osteguna baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak udaletxean; kudeatzaile berriak sei hilabeteko probaldia pasa ondoren, bi urteko kontratua izango du, ondoren, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Elduaingo Udalak Kontzeju taberna jatetxearen ustiapena lehiaketara atera du. Tabernaz gain, jantokia, sukaldea, biltegia, komuna eta etxebizitza barne hartzen ditu. Lehiaketa bidez aukeratua izango da ustiapena aurrera eramango duena, eta lehen sei hilabeteak proba moduan pasako ditu. Ondoren, bi urte pasa arte iraungo du eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango du, betiere, bi alderdiek onespena ematen badute.

Behin lehiaketa amaituta, esleipendunak 1.000 euroko bermea jarri beharko du lehen sei hilabeteko probaldirako, eta proba epea pasatzean, beste 1.000 euroko bermea ordaindu beharko du. Horrez gain, probaldiak irauten duen bitartean ez du kanonik ordaindu beharko, baina ondoren, kontratuak jarraipena badu, hileroko kanona 150 eurokoa izango da.

Kudeatzaile berriaren ardura izango da ura, argia gasa eta zaborraren gastuak eta zerbitzuaren funtzionamendurako beharrezko diren beste ordainketak egitea.

Esleipendunak taberna eta jatetxe zerbitzua astean zehar, 10:00etatik 22:00etara ireki beharko du, eta asteburu eta jaiegunetan, 23:00ak arte. Bi aldeek aurrez adostuko dute asteguneko zein egunetan egingo duten jai. Publikoarekin harremana izango duen pertsonak nahitaezkoa izango du euskararen ezagutza eta haren erabilera.

Eskaerak udaletxean aurkeztu beharko dira osteguna baino lehen, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara. Proposamenak gutun-azal itxi batean aurkezteko eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!