Herriari galdetuko zaio ordenantza berri baten inguruan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 18a, 07:59

Elduaingo herritar talde batek 65 sinadura bildu ditu lursail pribatuak nola mugatu eta nola itxi zehazten duten arau subsidiarioak aldatzeko eskatuz.

Gaur egun, Elduainen hirigintza gaietan sortzen diren eskaerei bide emateko, 2000. urtean onartutako arau subsidiarioak daude indarrean. Hori horrela, herritar talde batek «zaharkituta dauden arau subsidiarioak aldatzea, edo, gutxienez, hirigintza gaietako ordenantza berri bat onartzea» eskatu du. Eskaera horrek, 65 herritarren sinadurak bildu ditu eta dokumentua apirilean sartu zuten udaletxean. Horren aurrean, parte hartze prozesu bat jarriko dute abian, ordenantza berri bat onartzeko.

Arau subsidiario horietan, hiri lurretan kokatzen diren lursail pribatuak mugatzea eta ixtea bi modu hauetara dago onartuta: batetik, bertako harrizko paretaren bidez, eta, bestetik, landaretza elementuekin. Biak hala biak, gehienez, metro eta hogei zentimetroko altuera izan beharko dute , eta mugetatik, gutxienez, metroko distantzia izan beharko dute.

Udalak azaldu duenez, baldintza horiek "zailtasunak" sortu ohi dituzte herritarrek beraien lursailak beste materialen bidez edo beste neurri batzuekin itxi ahal izateko. Horregatik egin du herritar talde batek sinadura bilketa, arau subsidiarioak aldatu edo ordenantza berri bat eskatzeko.

Herri ekimena kontuan hartu du udalak, eta herritarrek "eskaera zehatza" egin dutela ikusita, parte hartze prozesu bat jarriko dute abian, horrela, ordenantza berri bat onartzeko bidea irekiko dute, herri kontsultaren bidez. Ordenantzaren zirriborro bat prestatuko du udalak, eta hiri lurretan kokatzen diren lursail pribatuen itxiturei buruzko arau proposamen bat zabalduko du etxez etxe, ostiralean.

Proposamen horren alde edo aurka bozkatu ahal izango dute herritarrek. Honako galdera egingo dute: "Hiri lurretan kokatzen diren lur-zati pribatuen itxiturak eta distantziak arautzeko udalak prestatutako proposamenarekin ados zaude?". Bozketa telematikoa maiatzaren 28tik 30era izango da, eta aurrez aurre bozkatzeko aukera ekainaren 1etik 4ra bitarte egongo da, udaletxean. Parte hartzeko baldintzak honakoak dira: 2021eko apirilaren 30a baino lehen Elduainen erroldatuta egotea eta data hori baino lehen 16 urte beteta izatea.

HAPO onartze bidean

Elduaingo Udala, une honetan, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpena izapidetzen ari da. Hala ere, aurreratu dute HAPO-a onartzeko tramitea "oso luzea" dela, eta 2023ra arte ez dutela aurreikusten behin betiko onartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!