Udako kulturaldia antolatu dute, "gertutasun soziala" bultzatzeko

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 11a, 07:59

Ostiralean hasi eta uztailera bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte Elduainen; espazio berri bat prestatu dute Intzene baserrian, askotariko erabilera emateko asmoz.

Uztailera bitarte, egitasmo ezberdinak egingo dituzte Elduainen, ostiral honetatik hasita. Udako kulturaldia deitu diote eta egitarau zabal bat prestatu dute, adin ezberdinetako herritarrek parte har dezaten. Agurtzane Belauntzaran, Elduainen bizi den berrobitarra, aritu da egitasmoak lotzen eta proiektua prestatzen, eta esan du, azken urte honetako distantzia fisikoaren ondoren, inoiz baino gehiago behar dela "gertutasun soziala", eta hori sustatzea dela proiektuaren asmoa. "Hori bai, behar diren neurri guztiak hartuta".

Ipuin kontalaria, antzerkia, ikastaroak eta ibilaldi bat prestatu dituzte, besteak beste. "Publikoari pilula modukoak eman nahi dizkiogu, eta ondo erantzuten badute, aurrerago gauza gehiago antolatzen jarraituko dugu", esan du.

Espazio berri bati erabilera emango diote gainera. Plazatik metro gutxira dagoen Intzene baserrian garai bateko ukuilua txukundu dute, erabilera ezberdinak emateko asmoz. "Espazio oso zabala da, eta bururatu zitzaigun pixka bat txukunduz gero, herritarrei begirako jarduerak egiteko erabil zitekeela", azaldu du Belauntzaranek. Momentuz, "oso modu sinplean" antolatu dute, eta jendearen erantzunaren arabera, egokitzen joateko intentzioa duela argitu du. "Espazio zabal horretan, mahai handi bat eta aulkiak ditugu, aurrerantzean edozein ikastaro egiteko ere erabilgarri izango dugu; diziplina anitzeko aretoa izatea nahi dugu, edozein gauza egiteko modukoa".

Guztia antolatzeko, Elduaingo Udalaren laguntza izan duela esan du Belauntzaranek: "Elkarlanean aritu gara. Proiektua aurkeztu genuen unetik haien babesa jaso dugu".

Izena eman behar da

Ostiral honetan, ipuin kontalariarekin emango diote hasiera proiektuari. Dagoeneko, edukiera beteta dago lehen saio horretarako. Gainerakoan, ekimenetan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurrez, udalaren webguneko formularioa beteta edota 943 683 121 zenbakira deituta.

"Aurrez izena emanda, ea arrakastarik baduen ikusteko aukera izango dugu, eta momentuz, herritarrei entzun diegunagatik, oso pozik daude antolatutako jarduerekin", gehitu du.

Egitaraua

Maiatzak 14
Ipuin kontaketa. Hodeietan dantzan. 18:00etan, Intzenen. Familia osoarentzat. 5 urtez azpikoek nagusi batekin joan beharko dute. Edukiera beteta dago.

Maiatzak 15
Mikroantzerkia. Ester Povedaren eskutik, La otra historia. Toti Martinez de Lecearen testuan oinarritua, gazte eta helduentzako. Prezioa: 3 euro. 15 minutuko emanaldia. 18:00etan, 18:30ean eta 19:00etan, Intzenen.

Ekainak 3
Dokumentala. Bizimiñez. Josu Iztuetak eta Antton Arzakek furgoneta batean Estatu Batuak ekialdetik mendebaldera zeharkatu zituzten. Dokumentalaren ostean, Josu Iztuetarekin solasaldia. Gazte eta helduentzat. 19:00etan, kultur etxean.

Ekainak 28, 29, 30, uztailak 1, 2
Patinaje ikastaroa. Bost urtetik gorako haur, gazte eta helduentzat. 16:00etan, pilotalekuan. Prezioa: 15 euro.

Uztailak 3
Mendi ibilaldia. Fauna eta flora ezagutzeko ibilaldi didaktikoa, Itsaso Anduezarekin. Herri inguruko bideetan 3 ordu inguruko paseoa, zuhaitzak, landareak eta animaliak identifikatuz. Haur, gazte eta helduentzat.

Uztailak 5, 6, 7, 8 eta 9
Zeramika ikastaroa. Buztinarekin, sormena eta eskulanak landuko dira; edalontziak, platerak, loreontziak landuz. Sei urtetik gorako haur, gazte eta helduentzat. 17:00etan, Intzenen. Prezioa: 20 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!