Elduaingo udaletxean igogailua jarriko dute, irisgarriagoa izateko

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 28a, 19:59

Udaletxean obrak egiten ari dira, elkartea dagoen solairutik udal zerbitzua dagoen solairuraino igogailua jartzeko; 2021eko aurrekontuko proiektu nagusiena da.

Elduaingo Udalak 2021erako aurrekontua iazko azaroko osoko bilkuran onartu zuen. Guztira, 461.896 euro izango dute aurten. "Nahiko erraz" itxi dute aurrekontua, hala azaldu du Oihana Amundarain alkateak: "Egin behar genituen inbertsioen ideiak buruan genituen, lehendik landuta zeuden proiektuak izan baitira batzuk, berri batzuk ere badiren arren".

Iazko aurrekontutik aurtengoak igoera izan duela zehaztu du alkateak. "Iaz egitekoak genituen inbertsio batzuk bertan behera geratu zaizkigu pandemiagatik, eta aurten egiteko bideratu dugu dirua". Gainera, nabarmendu du 10 urte direla Elduainen etxebizitza berririk eraikitzen ez dela, eta momentu honetan, hiru etxebizitza egitear daudela. Diru sarrera horiek udalarentzat "ongietorriak" dira, eta zintzilik zeuden proiektuak egiteko "bideragarritasuna" ikusi dutela esan du.

Momentu honetan, udaletxean obrak egiten ari dira. Irisgarritasuna bermatzea helburu, igogailua jarriko dute elkartea kokatuta dagoen solairutik, udal zerbitzuak dauden solairuraino. 120.000 euro bideratu dituzte proiektu horretarako. Igogailua jarri ahal izateko, udaletxe barruan moldaketak egin behar izan dituzte, eta momentu honetan, lehen solairua egokitzen ari dira. "Udal zerbitzua kokatuta dagoen solairuan, artxiboa eta harrera birgaitzen ari gara eta ondoren etorriko da igogailua", azaldu du Amundarainek. Igogailu hori, errepidearen alturan, Kontzeju taberna dagoen solairuan ere geratuko da, eta horrela, aparkalekutik pilotalekura eta haur eskolara joan nahi dutenek ere erabiltzeko aukera izango dute.

Igogailua jartzean, Kontzeju tabernarentzat terraza bat egokituko da aparkaleku aldera, izan ere, igogailu ondoan, plataforma bat jartzeko asmoa dutela esan du alkateak: "Bertan, tabernako mahaiak jartzeko aukera izango da". Irisgarritasunarekin amaitzeko, hurrengo urtean, aparkalekutik igogailua egongo den lekura arrapala bat jarriko dute, "gaur egun dagoen bidexkak tartean eskailera batzuk baititu". Horrela, aparkalekutik udaletxea dagoen ingurua "guztiz irisgarria" izango da.

Inbertsio gehiago

Urtea bukatu baino lehen pilotalekua berritzeko tartea ere hartu nahi du Elduaingo Udalak. Inguruan egurrezko itxitura bat du metakrilatozko panel batzuekin eta Amundarainek argitu du "egoera txarrean" dagoela, eta tarteka zatiak "erori" egiten direla. Beraz, egurrezko egitura berritu eta panel berriak jarriko dituzte. Era berean, "txukun uzteko", pintatu ere egingo dute.

Frontoi ondoan, plazan, lurreko lauza berriak jarriko dituzte, puskatuta daudenak ordezkatuz. "Gune hori txukundu nahi dugu, izan ere, haurrek gune horretan egiten dute bizitza, eta arriskuak ekidin nahi ditugu", esan du Amundarainek. Pilotalekua berritu eta plaza txukuntzeko lanetarako 45.000 euroko partida aurreikusi dute.

Era berean, herri gunean argiteria publikoa berritu eta gehitu nahi dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri dira dagoeneko harremanetan, zer eta nola egin dezaketen aztertzeko. Bi gune dituzte begiz jota: batetik, herri gunean dauden hutsuneetan argiteria gehituko dute, eta bestetik, herritik Sales baserrira dagoen ibilbidea argiztatuko dute. "Sales baserrirainoko bidean jende asko ibiltzen da oinez, eta orain pandemiarekin askoz gehiago; beraz, inguru horietan bizi direnentzat eta paseatzera ateratzen denarentzat egoki argiztatu nahiko genuke", dio alkateak.

Horrez gain, Kontzeju tabernari ere "buelta bat" eman nahi diote. Itxita dago egun, eta parte hartze prozesu bat egitea aurreikusi dute herritarrek zer nolako zerbitzua jaso nahiko luketen erabaki dezaten. "Herritarrei galdegin nahi diegu ea nola irudikatzen duten, eta inbertsiorik egin beharko balitz, datorren urtera begira buruan izango genuke".

Aurrera begira

Aurten egiteko dituzten inbertsioak aurrera eramaten dituztenean datorren urtekoei begira jarriko da udala, eta dagoeneko badituzte buruan hurrengo urteetan zehar egin daitezkeen hainbat proiektu. "Ideia faltarik ez dugu, horrelako herri txikietan, ordea, arazoa dirua izaten da", dio Amundarainek.

Esaterako herriko gaztetxoentzako skate parke bat egin nahiko lukete plaza zaharraren inguruan. "Lursail txiki bat du udalak, eta beste erabilera bat eman nahiko genioke, izan ere, haur txikientzat parkea daukagu, baina gaztetxoei begira skate parke bat egitea egokia izan daiteke". Skate parkearen ondoan, helduek gimnasia egin dezaten makina batzuk jartzea ere aztertuko dute. Plaza zaharrari "bizi gehiago" eman nahi zaio horrela: "Oso toki polita da, udan haurrak askan bustitzera eta jolastera joaten dira, baina bestela ez zaio erailera berezirik ematen".

Bestetik, plazan dagoen parkeari aterpe bat jartzea ere aztertuko dute. Eta udalaren jabetzakoak diren eraikinak energiaz hornitzeko eguzki panelak jartzea ere buruan darabilten beste proiektu bat dela aurreratu du alkateak.

ZENBAKITAN

SARRERAK

Zuzeneko zergak 115.000

Zeharkako zergak 35.000

Tasak eta beste sarrerak 48.569

Transferentzia arruntak 263.327

GASTUAK

Pertsonal gastuak 169.398

Gastu arrunt eta zerbitzuetan 72.030

Transferentzia arruntak 21.728

Inbertsio errealak 193.550

Kapital transferentzia 2.190

Finantza pasiboak 3.000

GUZTIRA 461.896

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!