Urte zaila izan arren, bere funtzioari sekula baino sendoago heldu dio ATARIAk, eta benetan eskertzekoa da askoren ahalegina. Batetik, lantaldearena: eguneroko jardunari eutsi diote ATARIAko langileek, nahiz eta haiek ere zuzenean jasan dituzten itxialdiak, kontziliazio arazoak eta lan egiteko zailtasunak. Bestetik, ATARIAren babesleena: harpidedunak, iragarleak eta erakunde publikoak. Haietako askoren egoera okertu du krisiak, baina gehienek eutsi diote konpromisoari. Aurrerantzean ere ezinbesteko bidelagun izango dira.
Eskualdeko erreferentzia da ATARIA, eta 2020ak are argiago erakutsi du hori. Webguneko audientzia datuak benetan dira nabarmentzekoak: 1,9 milioi bisita izan ditu —batez beste, egunean 5.300—, eta 4,2 milioi orrialde bisitatu dira.
Eskualdeko erreferentzia da ATARIA, eta 2020ak are argiago erakutsi du hori. Webguneko audientzia datuak benetan dira nabarmentzekoak: 1,9 milioi bisita izan ditu —batez beste, egunean 5.300—, eta 4,2 milioi orrialde bisitatu dira. Lau urtean bikoiztu egin da ATARIAren audientzia Interneten. Pandemiak izan du zerikusia —komunikabide guztien audientziak areagotu dira—, baina ATARIAren igoera egiturazkoa da: urtetik urtera ari da hazten, batez beste %20 inguru. Interneteko bisitei erantsi behar zaizkie egunkariaren eta aldizkariaren irakurleak (12.000 inguru, azken inkesten arabera), eta ATARIA IRRATIAren entzuleak. Ez dira nolanahiko zenbakiak 15 urtetik gorako 27.000 euskaldun dituen eskualde baterako.
Audientzia datuek erakusten dute badagoela egarria, tokiko informazioa jasotzeko nahia, eta hori izango du ATARIAk erronka aurrerantzean ere: Tolosaldeko berri kalitatez ematea, eta euskaraz. Bide oparoa egin du tokiko komunikazioak eskualdean: maiatzean beteko dira 30 urte Galtzaundi aldizkaria sortu zutela; abenduan bete dira hogei urte Txolarre Irratia aireratu zutela; eta aurtengo abenduan beteko dira hogei urte Tolosaldean Egunero argitaratzen hasi zirela. Haien oinordekoa da ATARIA, eskualdeko hedabide multimedia, bokazio argia duena: gero eta hedabide sendoagoa izatea, gero eta herritar gehiagorengana iristea, gero eta informazio hobea ematea, horrekin euskararen indarberritzea hauspotzeko.
Ematen, eskualdea informazioz osatzen jarraituko du ATARIAk aurten ere, baina jasotzea ere ezinbesteko du gehiago emateko. Jasotzea, herritarren sostengua: milaka lagunek jotzen dute egunero ATARIAren atea Interneten, eta doan jasotzen dute eskualdeko berri; ez da, ordea, kosturik gabe emandako zerbitzua, eta, elkar zaintzea eta erantzukizunez jokatzea hainbeste aipatzen den garaiotan, pauso egokia litzateke atarikide egitea. Jasotzea, iragarleen atxikimendua: datuek argi erakusten dute eskualdean erreferentzia dela ATARIA, eta tokiko merkataritza bultzatzeko bide aproposa da tokiko hedabidean iragarle izatea. Eta jasotzea, erakundeen babesa: hiru urteotan indarrean egon da Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostutako laguntza eredu berria, eta horrek egonkortasuna ekarri die hedabideei, urteroko laguntza deialdien gorabeheretatik atera baititu. Pauso handia litzateke udalekin ere antzeko sistema bat adostea, urteroko atzera-aurreretatik aterata. Aurten lotuko da 2022tik aurrerako eredua. Orain da beste urrats baterako garaia.