HITZEZ HITZ

Erdaldunekin, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2020ko aza. 2a, 08:58

Erdaldunen artean badira guraso izateko adinean direnak. Artxiboko irudia. J. MIRANDA

Maiz nabarmendu dugu: Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa da Tolosaldea, lau herritarretik hiruk badakite euskaraz, eta horrek sekulako oinarria jartzen du erabileran pauso handiagoak emateko. Txanponaren beste aldea ere hor dago, ordea: lau herritarretik bat oraindik ez da gai euskaraz aritzeko. 12.000 lagun. Gehienak, 7.400, erdaldunak: euskara ez dute ulertu ere egiten; 4.600, ia euskaldunak: ulertzen dute euskara, baina ez dute hitz egiteko gaitasunik. Kontuan hartzeko kopuruak dira.

Azken urteetako aurrerabideak eragin nabarmena izan du euskararen ezagutzan, eta adin talde gazteenetan apenas dagoen erdaldunik. Adinean gora eginda, bai: zenbat eta zaharrago, erdaldun gehiago. Ia euskaldunen multzoan aniztasun handiagoa dago: eskolan hitz egiteko gaitasunik lortu ez zutenak, umetan nola hala jaso eta atzendu zaienak, ikaste prozesuan trabatu direnak...

Txanponaren beste aldea ere hor dago, ordea: lau herritarretik bat oraindik ez da gai euskaraz aritzeko. 12.000 lagun.

12.000 lagun. Eta nola jokatu haiekin?

Aukera bat da zain egotea: uste izatea urteen poderioz desagertuko direla erdaldunak, eta euskararen ezagutza erabat orokortuko dela. Lasaikeriazko ikuspegia. Oinarrizko bi akats ditu planteamendu horrek. Batetik, belaunaldi berrien gain uztea euskara indarberritzeko ardura: uste izatea euskara ikasi eta erabiliko dutela, nahiz eta beren etxeak, familiak eta inguruak helduen munduak erdaraz funtzionatu. Bestetik, jende mugimenduak aintzat ez hartzea: pentsa azken urteetan zenbat erdaldun iritsi diren eskualdeko arnasguneetara eta ez dira edadekoak, guraso izateko adinean dauden gazteak baizik.

Helduen euskalduntzea indartzeko planteamendu bat behar da. Badago merkatua eskualdean, eta badago oinarria: euskaraz ikasteko egokiera hobea non du erdaldunak? Kalean erabiltzeko aukera handia, euskarazko hedabide sendoak, euskaltzaleen mugimendu ehundua... Eta euskara ikasteko eta praktikatzeko aukera gero eta handiagoa eskualde osoan.

Baina euskaldunei soilik ez, erdaldunei ere badagokie arduraz jokatzea: eskualdean euskalduntzeko dauzkaten aukerei etekina ateratzea

Maiz nabarmendu dugu: eskualde euskalduna izateak erantzukizuna jartzen digu pauso bat aurretik joateko. Baina euskaldunei soilik ez, erdaldunei ere badagokie arduraz jokatzea: eskualdean euskalduntzeko dauzkaten aukerei etekina ateratzea. Horretarako bideak jorratu behar dira. Batetik, euskalduntzeko eskaintzarekin lotutakoak: gaur egungo eskaintza bat ote dator eskualdeko erdaldunen egoerarekin eta aukerekin? Eta, bestetik, irismenarekin lotutakoak: euskalgintzaren jardunean nolako lekua dute erdaldunek? Euskararen aldeko jardunaren oihartzunik iristen al zaie? Sumatzen al dute euskaraz ez jakitearen ondoriorik?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!