Lehen partida irabazi du Patxi Zeberiok bere ibilbide berrian

Ataria 2020ko uztailaren 2a

Garaipenarekin hasi du Patxi Zeberio erremontistak bere ibilbide berria. E-remonte Beti Euskal Jai enpresa sortu berri da, eta berarekin egin du hitzarmena Zeberiok. Enpresak 2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketa antolatu du, lehen ekitaldi moduan, eta estreinako partida jokatu zuen elduaindarrak, ostiralean, Aoizko Toki Eder frontoian. Jokatu eta irabazi: Azpirozekin batera 31-35 irabazi zioten Ezkurra eta Agirrezabalari.

Bukaera bizia izan zuen partidak, Zeberio eta Azpiroz 31-29 galtzen ari baitziren, baina azken sei tantoak egitea lortu zuten. Asteburu honetan jokatuko dira final-laurdenetako bigarren jardunaldiko partidak, bihar eta etzi, 22:00etan hasita, Aoizko Toki Eder frontoian. Hirugarren jardunaldia uztailaren 10ean eta 11n jokatuko da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!