Etapa berri bat hasiko du Patxi Zeberio erremontistak

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 18a, 19:59

Nafarroan sortu den enpresa berri batekin sinatu du hitzarmena urte honetarako, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin; datorren astean hasiko da partidak jokatzen.

Patxi Zeberio pilotari elduaindarrak bere erremonteko ibilbidean etapa berri bat hastear da. Nafarroako enpresa berri batekin hitzarmena sinatu du abendura arte, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. «Koronabirusaren garai honetan bazirudien bukaera iritsiko zela», esan du Zeberiok. «Kontraturik gabe geunden eta ez genekien nola hasiko ginen berriro martxan. Aurreko enpresatik eskaintza izan dut, baina sortu berri den Nafarroako enpresa horretatik beste eskaintza bat jaso dut, eta zalantza askorekin, baina azkenean Nafarroa aldera egin dut, eta berehala hasiko gara jokatzen».

Hain justu, datorren astean hasiko dira torneo bat jokatzen. Hilaren 23an hasiko dira, zehazki, eta aste horretan partida ugari jokatuko dituztela dio elduaindarrak. Asteartean, zein ostiralean eta larunbatean partidak izango ditu Zeberiok.

Batez ere Agoizko frontoian jokatuko dituzte partidak, eta enpresakoek torneoa Labriten bukatzeko asmoa dute. «Labriten finalerdiak eta finala jokatu daitezen nahi dute, eta Nafarroako Gobernuarekin ari dira hitz egiten». Horrez gain, Nafarroan zein Euskal Herri osoan partidak jokatzea da asmoa. Bestalde, zirkuitua egiteko nahia ere badagoela azaldu du, Madrilen, Bartzelonan, Sorian eta Salamancan partidak jokatuz.

JARRAITZEKO GOGOZ

Hil honetan bete ditu 46 urte Zeberiok: «Egia da txipa aldatuta nuela, bukaera izango zela pentsatzen nuen. Hiru hilabete jokatu gabe egon ondoren, behera etortzen zara ere, eta adin honetan gehiago. Egia da bi eskaintzari ezezkoa esan niela aurrena, baina Nafarroatik sekulako interesa jarri dute, eskaintza oso ona egin didate, baldintza oso onekin, eta azkenean erabakia hartu dut beraiekin jokatzeko».

Aurreko enpresarekin zuen hitzarmenean, txapelketarik ez jokatzeko adostua zuen Zeberiok, egutegi oso lotua ez izateko. «Txapelketak jokatzea bere egutegiak eta ordutegiak ditu, eta ondo prestatu behar duzu; exijentzia handia dute. Nik ez nuen lotura gehiegirik nahi», esan du Zeberiok. «Bestalde, egia da gozatzen ari nintzela, baina kontuan ere izan behar da nahierara jokatzen nuela: partida asko kendu egiten nituen, enpresak baimen hori ematen baitzidan». Enpresa berrian alde horretatik aukera asko eman dizkiote, baina torneo batekin hasten da bere ibilbide berria: «Denboraldia aurrera doan heinean joango gara hitz egiten eta erabakiak hartzen».

Hiru hilabetetan frontoietatik kanpo egon ondoren, pilotari elduaindarrak nabaritu ditu eraginak: «Abiadura galtzen da, hanketako indarra, besoa behera etortzen da, nerbioa joaten zaizu...». Orain hilabete inguru hasi da frontoietara sartzen eta entrenamenduak pilatu ahala hobeto moldatzen ari dela dio. Elikadura ere aldatu du eta gorputza zein kantxan ibiltzeko joera aldatzen ari dela gaineratu du: «Pilota beste abiadura batekin ateratzen da eta horrek beste animo batzuk ematen dizkizu. Behin frontoiak ukitzen hasi naizenean, txipa aldatu zait eta sekulako gogoz gaude lehiatzen hasteko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!