«Poliki-poliki martxa hartzen» ari dela dio Oihana Amundarain (Villabona, 1980) Elduaingo alkateak.
Hilabete batzuk pasa dituzu alkatetzan. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Uda nahiko lasaia izan da. Herriko jaiekin izan dugu lan gehien. Egun, beste herrietako alkateekin eta taldekideekin bilerak egiten ari gara, beraien esperientziak hartu eta ikasten joateko, beraien herrietan egin diren gauzak gure herrietan ere egin badaitezke, hona ekarri ahal izateko.
Biztanle kopuruagatik herritarrek pertsonak bozkatzen dituzue. Boto kopuru gehien lortu ez arren, zuk hartu duzu kargua. Zer dela eta?
Bai, larri ibili ginen. Izan ere, urte hasieran 250 biztanle zeuden erroldatuta, eta 251rekin zazpi zinegotzi izango ginen. Azkenean, bostekin geratu ginen eta kostata atera zitzaigun bosteko taldea. Nahiz eta pertsonari bozkatu, ordea, boston artean erabakitzen dugu nor izango den alkate eta niri egokitu zitzaidan boskotearen buruan jartzea.
Hautetsi guztiak EH Bildukoak zarete. Nola antolatu duzue taldea?
Hainbat erakunde, hainbat mankomunitate daude inguruan, eta bakoitzak ardura batzuk hartu ditugu.
Zein dira datozen lau urteetarako dituzuen helburuak?
Garrantzitsuena irisgarritasun plana da eta hobetu egin nahi dugu. Iruditzen zaigu elduaindar guztien mugikortasuna bermatzea udalaren lana dela, eta horretarako hainbat gauza egin nahi ditugu: alde batetik, igogailua jarri nahi dugu udaletxean, Zentroraino eta udal bulegoetaraino iritsiko dena; bestalde, aparkalekutik udaletxerako bidean dauden eskailerak kendu eta arrapala jarriko dugu. Igogailua jarri ahal izateko, udal bulegoak dauden solairua berrantolatu egin beharko dugu.
Bestalde, Plan Orokorra egiten ari gara. 2000. urtekoa da azkena eta zaharkituta dauden gauzak berritu eta eguneratu nahi ditugu.
Herriko gazteak herrian bertan bizitzen gera daitezen zerbait egingo duzue?
Plan Orokorraren harira, aurreko planean planteatu ziren etxebizitza proiektuak ez ziren aurrera eraman, beraz, berri honekin batzuk aldatu egingo dira, beste batzuk mantendu egingo dira, eta helburua etxe berriak egin ahal izatea da, herriko gazteak herrian geratu daitezen eta herria bizitu dadin.
Azken urteetan lan handia egin duzue ondarea berreskuratzen. Horretan jarraituko duzue?
Egia esan lan handia egin da Burdina Taldeko kideen kolaborazioarekin. Hainbat errota eta hainbat karobi berreskuratu dituzte eta beraiekin harremanetan jarraitzea da asmoa.
Udal jardunari jarraipena ematea ere bada zeregina.
Bai noski, eta aurreko legealditik datorren plan batekin ere jarraitu nahi dugu: Elduaingo udal artxibo historikoa berreskuratu nahi dugu. Udal bulegoen solairuan egin behar diren obra lan horietan udal artxiboa jasoko duen gela bat aurreikusita daukagu.
Zer moduz ikusten duzu Elduain herria?
Kanpotik gazte jende asko etorri da, eta ume asko daude, egia esan. Baina herriko gazteak bertan gera daitezen saiatu behar dugu, izan ere, haurrak izateko gazteak behar ditugu herrian.